Lagun Onak futbol klubeko Espainiako Hirugarren Mailako taldeak partida garrantzitsua jokatu zuen joan den larunbatean, Garmendipen. Izan ere, etxekoek Ariznabarra taldea izan zuten parez pare, sailkapeneko azken postuan den taldea, eta Lagun Onaki irabaztea komeni zitzaion, bolada txarrari buelta emateko. Dena den, beste behin, ezin izan zituzten hiru puntu eskuratu, eta berdinketarekin konformatu behar izan zuen Azpeitiko taldeak.
Iniziatiba Lagun Onakek hartu zuen partidan, eta Ariznabarra atzean sartuta egon zen, aukeraren bat iristeko zain. Lagun Onak ari zen baloia mugitzen, baina aukera garbirik egin gabe. Lehen zatian nahiko ondo aritu ziren etxekoak, baina markagailua hutsean zela iritsi ziren atsedenaldira. Dena den, bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen Lagun Onaken lehen gola: Joanes Otamendik jokaldi pertsonal bat egin zuen, eta sekulako gola sartu zuen ezkerrez, baloia eskoadrara jaurtita. Hortik aurrera, Lagun Onak izan zen nagusi, baina bigarrena ezin sartuta ari ziren. Horrela ari zirela, inork nahi ez zuena gertatu zen: korner batean, Ariznabarrak sartu zuen gola. Irabaztea behar zuten Lagun Onakeko gizonek, eta berdinketa eskas gelditu zitzaien. Bukaeran saiatu ziren beste bat sartzen, baina ezin izan zuten.
Une honetan, 24 punturekin, hamazazpigarren postuan da Lagun Onak. Jaitsiera postuetatik puntu batera baino ez dago taldea.