Lengo urtean egin bezala, aurten ere Astelehentxotx antolatu dute Azpeitiko Gaztetxeko kideek Astelehen Karnabalerako. Gaztetxeko sukaldea martxan jarriko ez duten arren, bertan afaltzeko aukera eskainiko dute egun horretan, 20:30etatik aurrera. Bertan afaldu nahi dutenek jatekoa kanpotik eraman beharko dute, baina Gaztetxeak ardoa eta sagardoa jarriko ditu bertaratzen diren lagunentzat, borondatearen truke.
Hainbat urtetan Astelehen Karnabalerako afaririk antolatu gabe egon ostean, iaz berreskuratu zuten ohitura, Astelehentxotx izenarekin. Gazte asanbladako kideek azaldu dutenez, iaz jende ugari bertaratu zen Gaztetxera Astelehen Karnabalean, eta hori ikusita erabaki dute aurten ere Gaztetxea irekitzea Karnabaletan bertan afaldu nahi duten gazteentzat. Denetariko musika eskainiko dutela aurreratu dute Gaztetxeko kideek, eta jendeak nahi izatekotan jolasak egingo dituzte.