Zenbat herritar pisatu ote ziren azken Gabonetan? Baztertutako zenbat baskula piztu ote ziren? Garrantzia gehiegi ematen zaio gorputzaren masari, are eta handiagoa Gabon jaietan. "Zenbat kilo hartu ote ditut opor hauetan?" edo "urte berri honetan kilo batzuk gainetik kentzea dut erronka!" gisako esaldirik entzun al zenuten? Nire etxean ere bada baskula; nolako erabilera, halako itxura izan ohi da, eta hantxe aurkitu nuen komuneko armairupean, hautsezko mantaren epelean. Urte asko pasatu dira nire burua pisatzeko gailuaren gainean azkenengoz jarri nuenetik, baina Gabon hauetan makina martxan jartzea egokitu zait.
Larunbat goiz bat zen. Piztu eta hantxe jarri nion gainean gure etxe atariko iragarkien buzoian zeuden paperez eginiko meta. Ni naiz gure etxepea garbitzeko arduraduna, beraz, buzoi hori hustea ere niri dagokit. Hustea diot, bai, beti beteta egoten baita. Arreta piztu izan dit iristen den iragarki kopuruak eta horien erabilerak; hori hala, azken Gabonetan ikertzeari ekin nion! Zenbat iragarki iristen dira? Zerenak? Nork irakurtzen ditu?
Egun hartan bildutako iragarkiak udalarenak eta herriko merkatarienak, txiki zein handienak, ziren. Sekula inork irakurri gabeko sortak oraindik perfektu lerrokatuta zeuden; eta jada egunak zeramatzatenez, zaramara botatzeko garaia zen. Halako bolumena izanik, pisatzea erabaki nuen lehendabizi. Ia sei kiloko masa zuen paper multzoak!
Azkenaldian errua plastikoari botatzen diogun arren, kontaezina da gure planeta zaintzeko kontuan hartu beharreko irizpideen zerrenda. Ez dakit zein den kasu honen konponbidea, publizitatea gutxitzea edota dagoeneko inprimatuta dagoen paper hori, herriko eskaintzen berri izateko, behin bada ere irakurtzea. Dakidana da paper sorta horiek inprimagailutik zuzen-zuzenean zakarretara botatzeak tripako mina ematen didala, Gabonetako betekadek bezalatsu.