Txatxoz, mamoxarroz, bolantaz, kotilungorriz, zanpantzarrez edota joaldunez bete dira aurten ere Azpeitiko kaleak Ostiral Mehe arratsean. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek euskal inauterien jaialdia atera dute kalera aurten ere, Karnabal asteburuko festa egitarauaren lehen hitzordua, eta jai giroa nabarmena izan da Alde Zaharreko kaleetan eta plazetan.
Olazko Andre Mariaren plazan elkartuta, Goiko kalean behera plazara iritsi eta, ohi dutenez, han egin dute lehen geldialdia Ikasberrikoek, arratsaldeko lehen dantzak eskaintzeko. Handik Elizkalen barrena heldu dira parrokia atarira, euskal inauterien jaialdiaren bigarren dantzalekura, alegia; eta handik gertu, Perez Arregi plazatxoan, egin dute hirugarren geldialdia, Erdikalen gora berriro plazaraino iritsi eta hango bigarren emanaldiarekin festa bukatzeko.