Gizentasuna da, gaur egun, osasun publikoaren arazo handienetako bat mundu osoan. Europako iparraldeko herrialdeak beti izan dira aitzindariak epidemia horri aurre egiten, eta horren adibide dugu Finlandiako Seinajoki hiria.
Duela bederatzi urte, programa pilotu bat jarri zuten martxan han, haurrei zein helduei eragiten zien gizentasun-epidemia geldiarazteko. Bost urte ondoren, gizentasun maila erdira jaitsi zen hirian.
Programa harekin, osasuna funtsezko irizpide bilakatu zuten edozein erabaki politiko hartzerakoan. Horrela, jarduera fisikoa gehiago sustatzeko, hirigintza plangintza hobetu eta eskoletako jolastokiak aldatu zituzten; eskoletako menuak berrikusi eta aukera osasungarriagoen alde egin zuten; gurasoei zuzendutako hezkuntza kanpainak egin zituzten, kontzientzia pizteko eta baliabideak emateko; haurrei zuzendutako elikagaien publizitatea arautu zuten; nutrizioaren ikuspegitik interesik ez duten produktuei (gozoak, txokolateak, freskagarriak, izozkiak, litxarreriak...) tasa altuenak ezarri zizkieten; nutrizio, osasun eta sukaldaritza edukiak ematen hasi ziren eskoletan.
Badugu non begiratu eta non ikasi. Eta Azpeitia Seinajoki bihurtuko bagenu?