Martxoaren 8a da datorren igandean, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta herriko hainbat eragilek hainbat ekintza antolatu dituzte egun horren harira.
Azpeitiko Ikasle Abertzaleek antolatuta, martxoaren 6an ikasleei zuzendutako hausnarketarako tailerra izango da Baigerako aretoan, 10:00etan hasita. Ondoren, 12:30ean, elkarretaratzea egingo dute plazan. Larunbatean, hilak 7, Martxoaren 8aren harira antolatutako beste hitzordu bat izango da Azpeitiko Gaztetxean, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak antolatuta. Hain zuzen, Antolakuntzan datza iraultza izeneko hitzaldi-tailerra egingo dute goizean zehar, 11:00etan hasita.
Martxoaren 8ko egitaraua
Basanderiek asanblada feministak egun osoko egitaraua antolatu du Emakumeen Nazioarteko Egunerako. 12:00etan, manifestazioa izango da, plazatik abiatuta. Ondoren, 14:00etan, bazkari feminista egingo dute; entsalada eta albondigak izango dira bazkaltzeko, eta menu begetarianoa ere izango da. Hori bai, norberak bere etxetik eraman beharko du bazkarirako edaria. Ondoren, Donostian egingo den manifestaziora joateko aukera izango da Azpeititik. Hain justu, 16:30ean abiatuko da hara joateko autobusa, anbulatorioaren aurretik.
Bazkarian edo autobusean izena eman nahi dutenek emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat idatzi edo Emakumeen Txokora edo Sanagustin kulturgunera joan beharko dute. Martxoaren 5a, osteguna, izango da izena emateko azken eguna.