Martxoaren 8aren atarian, hausnarketarako tailerra eta elkarretaratzea egin dituzte ikasleek

Uztarria.eus 2020ko mar. 6a, 14:26

Martxoaren 8aren atarian eta Azpeitiko Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak antolatuta, tailerra eta elkarretaratzea egin dituzte gaur herriko ikasleek, Hezkuntzatik emakume langileon antolakuntzari ekin lelopean. Baigera I-eko aretoan egin dute tailerra 10:00etan hasita, eta ehundik gora lagun elkartu da bertan. Hitzordura animatu diren ikasleak bi ordu inguruz aritu dira solasean, talde txikitan banatuta. Ondoren, saioan zehar hitz egindakoak eta ateratako ondorioak elkarbanatu dituzte elkarrekin. Azpeitiko IAko kideek azaldu dutenez, hainbat gai izan dituzte hizpide tailerrean zehar. "Besteak beste, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren jatorriaz, gaur egungo testuinguruaz eta testuinguru horretan emakumeek bizi duten egoeraz nahiz zapalkuntzez eta zapalkuntza horien aurrean egin dezakegunaz hitz egin dugu", azaldu dute.

Tailerra amaitutakoan, 12:30ean, elkarretaratzea egin dute plazan, eta jende ugari bertaratu da kontzentraziora. 

Martxoaren 8aren harira antolatutako ekintzak

Bihar jarraituko dute Azpeitian Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekintzek. Hona hemen egitaraua, osorik:

Martxoak 7, larunbata. 

11:00etan: Antolakuntzan datza iraultza hitzaldi-tailerra Gaztetxean, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak antolatuta.

Martxoak 8, igandea.

Basanderiek asanblada feministak antolatuta:

12:00etan, manifestazioa, plazatik abiatuta.
14:00etan, bazkari feminista Azoka Plazan.
16:30ean, Donostiako manifestaziora joateko autobusa anbulatorioaren aurretik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide