Lagun Onak futbol klubeko gizonezkoen talde nagusiak ligako neurketa jokatu behar zuen larunbatean, martxoak14, Garmendipe futbol zelaian, 17:00etan hasita. Dena dela, koronabirusa inguruotan izaten ari den eragina tarteko, Euskadiko Futbol Federakundeak erabaki du bere eskumenaren menpe dauden txapelketa guztietako partidak bertan behera uztea. Hori horrela, "gaurtik hasi eta informazio gehiago izan arteko" partida guztiak atzeratu egingo dira. Beraz, Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ez du jokatuko larunbatean Portugaleteren aurka jokatzekoa zen partida.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Futbol Federazioak emandako aholkuak kontuan hartuta, neurri horiek hartzea dela "egokiena" uste du Euskadiko Futbol Federakundeak. Erakunde horrek "sentitzen" ditu erabakiak sor ditzakeen eragozpenak eta kalteak, baina "pertsona federatuen, zuzendaritza kideen, eta zaleen segurtasun eta osasuna bermatzeko", erabaki hori hartzea beharrezkoa iruditu zaio elkarteari.