Koronabirusa Azpeitian

Baigeraren eta Urrestillako jubilatuen elkarteak itxita izango dira gaurtik aurrera

Uztarria.eus 2020ko mar. 12a, 14:31

Baigera I.aren ataria.

Horrez gain, San Martin egoitzan, eguneko zentroan eta etxez etxeko zerbitzuan protokolo zehatz eta bereziak ezarri dituzte dagoeneko. Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, adineko pertsonena da koronabirusak eragin diezaiokeen sektorerik ahulena, eta arrisku-espazioak murrizteko hartu dituzte neurriok. Bihar, herriko eragileekin eta taldeekin bilera egingo dute udaleko eta Osakidetzako ordezkariek.

Azpeitiko Udalak ohar bidez azaldu duenez, gaurtik aurrera itxita izango dira Baigeraren Alde Zaharreko nahiz Sanjuandegiko bilguneak, baita Urrestillako jubilatuen elkartea eta eguneko unitatea ere. Erakundeak azaldu duenez, adineko pertsonei zuzendutako ekintza guztiak ere ez dituzte egingo, gainera. Horrez gain, San Martin egoitzan, eguneko zentroan eta etxez etxeko zerbitzuan protokolo zehatz eta bereziak ezarri dituzte dagoeneko. Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, adineko pertsonena da koronabirusak eragin diezaiokeen sektorerik ahulena, eta arrisku-espazioak murrizteko hartu dituzte neurriok.

Udalak jakinarazi duenez, oraingoz neurri horiek hartu dituzte, baina herriko eragileekin ere gaia aztertzen ari direla azaldu du, egoerak eskatzen badu neurri gehiago martxan jartzeko. Herriko eragileei ere egokitu zaie neurriak hartzea egunotan, eta alkateak adierazi du eraginkortasunari dagokionez "garrantzitsua" dela denek koordinatuta hartzea erabakiak. "Egoeraren aurrean asko izan dira azken egun hauetan udalera jo duten entitateak eta taldeak. Hori dela eta, Osakidetzarekin koordinatuta, bilera egingo du udalak bihar bertan, taldeei nahiz eragileei informazioa eskaintzeko, horien zalantzak argitzeko eta jarraibideak azaltzeko".

Bestalde, beste hainbat lekutan gisan, erakundeak eskuak garbitzeko gel antiseptikoak eta jarraibideak jasotzen dituzten kartelak jarri ditu udal eraikinetan; horiek zabalik daude oraingoz. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, oraingoz ez dute koronabirus kasurik atzeman ez Azpeitian, ez eskualdean. Dena den, udalari prebentzioan eragitea dagokiola eta, arduraz jokatzeko eta neurriak hartzeko hartutako konpromisoa azpimarratu du Alkortak. "Ez da neurriak zalantzan jartzen hasteko momentua. Herritarrak babesteko neurri ahalik eta eraginkorrenak hartzeko unea da, eta hori, nola ez, Osakidetzarekin elkarlanean egingo dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide