Euskal Herriko koronabirus kasuen gorakadaren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzaren neurriak eta gomendioak jaso ostean", gaurtik aurrera hainbat zerbitzu eta eraikin itxita izango direla jakinarazi du Azpeitiko Udalak, "pertsonen gehiegizko kontzentrazioa saihesteko eta, horrela, birusaren zabalpena gutxitzeko" helburuarekin.
Hauek dira gaurtik aurrera bertan behera geldituko diren jarduerak eta itxiko dituzten udal eraikinak:
- Kirol instalazioak (kiroldegia, igerilekua, Izarraitz frontoia...).
- Gaztelekua.
- Ludotekak.
- Urrestillako Gazte Lokala.
- Basazabal jauregia.
- Emakumeen Txokoa.
- Euskaltegia.
- Liburutegia
- Sindikatu Zaharreko ikasgela.
- Sanagustin kulturguneko eta Soreasu antzokiko kultur ekintzak.
- Udalak eskaintzen dituen ikastaro guztiak.
Udaletxea irekita, baina gomendioekin
Udaletxea, aldiz, irekita egongo da. Herritarren Arreta Zerbitzu ohiko ordutegian izango da irekita, 07:30etik 15:30era, alegia. Hala ere, udaletxera "beharrezkoa bada bakarrik joatea" eskatu die udalak herritarrei, eta administrazio elektronikoa eta telefono bidezko kudeaketa erabiltzea "ahal den kasu guztietan".
"Osasun agintarien jarraibideen arabera neurri berriak hartzen edo egokitzen" joango dela ere aurreratu du udalak, eta koronabirusaren aurkako gomendioak gogorarazi dizkie herritarrei:
- Eskuak maiz garbitu alkoholdun desinfektatzaile batekin edo urarekin eta xaboiarekin. Ez ukitu ahoa, sudurra eta begiak.
- Arnas higieneko neurriak: eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin estaltzea.
- Gutxienez metro bateko tartea izatea gainerako pertsonekin.
- Sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasunak izanez gero, eskatu arreta medikoa. Sintomak izanez gero osasun zentroetara ez joatea gomendatzen dute Euskadiko osasun agintariek, etxean geratzea (betiere egoera klinikoak horretarako aukera ematen badu) eta 900-20 30 50 telefono zenbakira deitzea, paziente bakoitzari dagozkion argibideak emateko.