Koronabirusa Azpeitian

Autobusak eta taxiak ezingo dira esku diruarekin ordaindu

Uztarria.eus 2020ko mar. 14a, 09:30

Eusko Jaurlaritzaren Garraioa Koordinatzeko Mahaiak hainbat neurri hartu du, koronabirusa hedatzea saihesteko. Ohi baino gehiago garbitu beharko dituzte lanerako esparruak taxistek eta autobus gidariek. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezingo dira aurrerantzean txanponekin eta billeteekin ordaindu autobusak eta taxiak. Esku diruaren ordez, bankuetako nahiz garraio zerbitzuek ordainketarako sortutako txartelak erabili beharko dituzte herritarrek. Neurri horren helburua da koronabirusaren kutsaketak saihestea. 

Autobus gidariei, gainera, desinfektatzeko materiala emango diete, beren lanerako eremua garbitu ahal izateko. Era berean, ezingo dira autobusetako lehen ilaretako eserlekuak erabili, eta sarrera-irteerak autobusen erdiko edo atzeko ateetatik egingo dira, ez aurreko atetik. 

Taxistek ere hainbat neurri hartu beharko dute. Hain zuzen ere, beren ibilgailuak ondo garbitzeko eskatu diete, batez ere, "kontaktugune nagusiak": segurtasun uhalak, eskulekuak eta burua jartzeko guneak garbitu beharko dituzte, besteak beste. Taxistek ere txartelarekin egin beharko dituzte kobraketak posible duten heinean.  

Atzo, ostirala, bildu zen Garraioa Koordinatzeko Mahaia COVID-19 birusaren aurrean nola jokatu erabakitzeko, eta Eusko Jaurlaritzak atzo eman zuen neurri horien berri. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide