Koronabirusa Azpeitian

Taberna eta soziedade batzuk ere itxita izango dira bihartik aurrera

Uztarria.eus 2020ko mar. 13a, 18:59

Erdikalea.

Gaur itxi dituzte batzuk, eta bihartik aurrera itxita izango direla jakinarazi dute beste batzuek. Uztarria.eus-ek jakin ahal izan duenez, Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak mahaiaren gainean du tabernak itxi edo ez eztabaida.

COVID-19 birusaren alarma piztuta da atzoz geroztik herrian. Horren erakusle da gaitzaren prebentziorako erakundeek nahiz eragileek hartu dituzten neurriak. Oraindik ere badira prebentziorako jarraibideak ezartzen ari diren eragileak edo negozioak. Hain zuzen ere, herriko hainbat taberna eta soziedade itxi dituzte gaur, eta beste batzuk bihartik aurrera itxiko dituzte. Tabernen artean dira, besteak beste, Aisialdi, Orkatz kultur elkartea, Sanagustin kulturgunea eta Urola Expres taberna. Uztarria.eus-ek baieztatu ahal izan duenez, Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak mahaiaren gainean du tabernak itxi edo ez erabakitzeko eztabaida, baina oraingoz, elkarte horrek ez du erabaki bateraturik hartu.

Soziedadeen artetik, esaterako, Irrintzik gaurtik itxita ditu ateak, eta elkarte barruan "edozein eratako ekintzak debekatu" ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide