Koronabirusa Azpeitian

Neurri bereziak hartzen ari dira herriko supermerkatuetan

Uztarria.eus 2020ko mar. 14a, 14:26

Supermerkatuetan ilara luzeak ageri diren bideoak zabaltzen ari dira sare sozialetan. Azpeitian ez da halakorik ikusi oraindik, baina egia da ohi baino produktu gehiago saldu dutela dendetan egunotan. Janari faltarik ez dago, eta supermerkatuetako arduradunek mezu hori transmititu nahi diete herritarrei. Sanjuandegiko Eroskin, esaterako, apalak nahiko beteak daude oraindik, baina arduradunek azaldu dute produktu batzuk agortu zaizkiela. 

Neurri batzuk ere hartu dituzte supermerkatuetan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hala gomendatuta. Gunearen metro karratu kopuruaren arabera zehaztu dituzte aforoak, adibidez. Sanjuandegiko Eroskin, 60 pertsona egon daitezke aldi berean, gehienez; gainontzekoak ilara egiten ari dira kanpoan. Gainera, plastikozko eskularruak jantzi behar dituzte herritar guztiek erosketak egiteko, eta pertsona batetik bestera metro bateko ilara utzi behar dute. Horrez gain, barazkiak eta frutak etxera eramatean ondo garbitzeko eskatu dute. 

Tentuz jokatzea komeni da, dendetan jende pilaketak saihestea, eta emandako neurriei kasu egitea. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide