Koronabirusa Azpeitian

Koronabirusaren aurrean, herritar ahulenak babesteko lanean hasi dira boluntarioak

Uztarria.eus 2020ko mar. 14a, 15:40

Gaur, martxoak 14, boluntario sarea osatzeko deiari erantzun dieten herritarrak antolatu eta lanean hasi dira. 50 lagun inguruk parte hartu dute gaur goizeko auzolanean. 9:00etan hasi dira lanean, arrisku handiena duten herritarrak babesteko asmoz.

Goizeko lehen orduan hasi dira herriko adinekoei, gutun bidez, osatutako sarearen berri eman eta beraien beharrei erantzuteko telefonoak eta e-posta jakinarazten. Banaka zein binaka, prebentzio neurriak hartuta, banatu dituzte gutunak, auzoka, adinekoen postontzietara. Gutunean, 65 urtetik gorako herritarrei hartu beharreko neurriak eta gomendioak jarraitzeko eta etxean gelditzeko gomendatzen zaie, eta laguntza emateko (erosketak egiten laguntzeko, adibidez) udal baliabideak jarri eta herritar boluntarioen sarea osatu dela jakinarazten zaie.

Herritar zaurgarrienen zerbitzurako, bi telefono –943 54 79 83 eta 943 15 71 92– eta gizarte@azpeitia.eus helbide elektronikoa jarri ditu udalak. Telefono horietan egunerokoari erantzuteko laguntza (erosketak egin eta sortzen diren bestelako beharrak) eta etxean egoteak sor ditzakeen bakardade eta egonezin sentipena dutenentzat laguntza eskiniko da.

"Herritarrek erantzun oso ona eman diote boluntarioen sarea osatzeko egitasmoari eta benetan eskertu nahi dugu gazteek herritar ahulenak laguntzeko azaldu duten prestutasuna", adierazi du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.

Hartutako beste hainbat neurri

Ostiral goizean hartutako lehen neurrien ostean, atzo eta gaur beste hainbat neurri hartu dira. Hala, ikastetxeetako jolaslekuak itxita izango dira aurrerantzean; eta kiroldegiko taberna, Sanagustin Kulturgunea eta Xoxoteko aterpetxea ere bai. Loiolako Sanjose festak eta trikiti jaialdia ere bertan behera utzi dituzte antolatzaileek. Horrez gain, Urola Erdiko Mankomunitateak eta udalak adostuta, hondakinen edukiontziak irekita izango dira behin-behinean, eskuen kontaktua eta arazoak gutxitzeko asmoz.

Koronabirusari aurre egiteko gomendioak

Udalak koronabirusaren hedatzea saihesteko neurriak zein diren gogorarazi du:

-Eskuak maiz garbitu alkoholdun desinfektatzaile batekin edo ur eta xaboiarekin. 

-Ez ukitu ahoa, sudurra eta begiak.

-Arnas higieneko neurriak: eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoarekin estali, edo erabili eta botatzeko zapi batekin.

-Gutxienez metro bateko tartea izan gainerako pertsonekin.

-Sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasuna izanez gero, eskatu arreta medikoa. Sintomak izanez gero, osasun zentroetara ez joatea gomendatzen dute EAEko osasun agintariek; etxean geratu (betiere egoera klinikoak horretarako aukera ematen badu) eta 900-20 30 50 telefono zenbakira deitzea gomendatzen dute, paziente bakoitzari dagozkion argibideak emateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide