Koronabirusa Azpeitian

Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarriko du herritar guztientzako

Uztarria.eus 2020ko mar. 14a, 18:31

Espainiako Gobernuaren neurriak Jaurlaritzarenak baino are gogorragoak dira: baldintza zehatz batzuengatik bakarrik atera ahal izango dira herritarrak etxetik. Badirudi neurriak astelehenean jarriko dituztela indarrean, eta bi astez iraungo dutela.

Espainiako hainbat hedabidek aurreratu dutenez, konfinamendua ezarriko du Espainiako Gobernuak astelehenean hasi eta datozen hamabost egunetarako. Pedro Sanchez presidentea 14:00etan zen agerraldia egitekoa, baina oraindik ez du agerpenik egin, eta gobernuak berak ezer esan aurretik, itxialdirako prestatuta zeukan dekretuaren zirriborroa Whatsapp bidez ari da zabaltzen. Dekretuaren arabera, herritarrek etxetik soilik ateratzeko aukera izango lukete ondorengo kasuetan:

– Elikagaiak eta beharrezko produktuak erosteko.
– Osasun zerbitzuak jasotzeko.
– Lanera joateko.
– Zaintza lanak egiteko.
– Finantza erakundeetara joateko.
– Etxera bueltatzeko.
– Ezinbesteko egoeretarako.
– Justifikatutako beste ekintza batzuetarako.

Gainera, Espainiako Gobernuko Defentsa, Barne, Garraio eta Osasun ministroek aginduak emateko gaitasuna izango dute epe horretan, Pedro Sanchez presidentearen zuzendaritzapean. Modu horretan, ertzainen agintea Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren esku geratuko da. Bestalde, autonomia erkidegoetako presidenteekin bilera telematiko bat egitekoa zen gaur Pedro Sanchez, baina biharko utzi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide