Koronabirusa Azpeitian

Prebentzio neurriak betetzeko eta etxean gelditzeko deia egin du udalak

Uztarria.eus 2020ko mar. 15a, 15:16

Herritarrei etxean gelditzeko eskatzen ari zaie Udaltzaingoa.

Koronabirusaren pandemiaren aurrean, prebentzio neurririk zorrotzenak aplikatzen ari da Azpeitiko Udala. Erakundeak jakin ahal izan duenez, oraindik ez dago koronabirus kasurik Azpeitian. Herriko saltokiek-eta izango dituzten eragin ekonomikoei aurre egiteko neurriak aztertzen ari da Nagore Alkorta alkatea.

Koronabirusaren pandemiaren aurrean, neurri berriak ezarri zituzten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Azpeitiko Udalak ez du jaso ofizialki bete beharreko neurrien berri, oraindik. Eta bi erakundeek hartutako neurriak bat egiten ez badute ere, atzotik, prebentzio neurri zorrotzenak aplikatzen ari da udala. Saltoki, taberna, elkarte gastronomiko, gazte lokal eta bestelakoei, gaurtik aurrera itxita egon behar dutela jakinarazten ari da.

Gainera, Udaltzaingoa nahiz Ertzaintza herrian barrena ibili dira autoz, herritarrei beren etxeetatik ez ateratzeko esanez. Izan ere, goiz eta eguerdi partean multzo handietan ez, baina herritar batzuk ikus zitezkeen kalean: batzuk beharrezko erosketak egitera aterata ziren; besteak, berriz, paseora. Kafetegiren batera edo bestera ere joan da bai Ertzaintza, bai Udaltzaingoa, kanpoko aulkiak eta mahaiak jasotzeko eta gunea ixteko esatera.

Agindutako neurriak betetzen ez dituenak zigorrak jaso ditzake: zehazki, desobedientzia delitu batengatik, ehun euroko isun batetik hiru urteko espetxe zigorrera arteko zigorrak jaso ditzakete herritarrek; eta agintaritzaren aurkako atentatuagatik, lau urteko kartzelaldia ezar dezake justiziak.

"Atzo, mezu ezberdinak zabaldu ziren goi mailako erakundeetatik. Baina guk Osasun Sailarekin harreman zuzena daukagu, eta beraien gomendioak jarraituz ari gara neurriak aplikatzen herrian", adierazi du udalak. Erakunde horrek jakin ahal izan duenez, oraindik ez dago koronabirus kasurik Azpeitian. Hala ere, egoera oso aldakorra eta ezegonkorra dela azpimarratu nahi izan du udalak, eta bihar izango dituztela datu eguneratuak.

Norbera babestu, besteak babestu

Etxean egon eta norbera babesteko neurriak hartzeko eskatzen die udalak herritarrei; "norbera babestuz, gainontzeko herritarrak babesten" direlako. "Ezohiko egoerai ezohiko erantzunak" eman beharrean aurkitzen da udala, eta Osasun Saileko profesionalekin elkarlanean nahiz haiek adierazitako prebentzio neurriei jarraituz, herritarren beharrei erantzuteko neurriak hartzen ere ari dela azaldu du erakundeak.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen hitzetan, arrisku talderik handiena adinekoena denez, haiekin dute kezka nagusia: "Uneotan arreta zerbitzua antolatuta daukagu eta lanean ari da". Alkateak gaineratu du edozein herritarrek ere erabil dezakela zerbitzua, "zalantzarik edo behar berezirik" izanez gero.

Azken prebentzio neurriek izan dezaketen eragin ekonomikoez ere kezka agertu du Alkortak: "Prebentzio neurri gogor hauen aurrean zer baliabide eskain ditzakegun aztertzen ari gara". Hain justu, herriko saltokiek-eta izango dituzten eragin ekonomikoei aurre egiteko neurriak aztertzen ari da Alkorta.

Alkortak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei egoera konplexu honetan erakusten ari diren "jarrera arduratsua eta eredugarriagatik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide