Espainiako Gobernuak alerta egoera deklaratu eta bi egunera, gaur, astelehenez, Azpeitiko Udalak 600.000 euroko dirulaguntza lerroa zabaltzea erabaki du. Koronabirusaren aurka hartutako neurriek sortutako ondorioak konpentsatzeko eskainiko dituzte laguntzak. Hain zuzen ere, zaintzarako eta saltoki txikien, ostalaritza establezimenduen nahiz antzekoen itxierak eragindako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko banatuko ditu laguntzak erakundeak.
Batetik, haurren nahiz dependentzia duten herritarren zaintzagatik eskatu ahal izango da dirulaguntza. Dependentzia duten herritarren zaintzarako kontratatzen den –lan jardun osoa– pertsona bakoitzeko, gehienez, mila euroko dirulaguntza jaso ahal izango da. Aldiz, 0 eta 12 urte bitarteko umeen zaintzaz arduratuko diren eta soldatarik jasoko ez duten herritarrek ere mila euroko dirulaguntza eskuratu ahal izango dute hilean. Guztira, 300.000 euro bideratuko ditu udalak zaintzari lotutako laguntzetara.
Bestalde, saltoki txikiei, ostalaritza establezimenduei eta antzekoei zuzendutako 300.000 euroko dirulaguntza lerro bat ere zabaldu du erakundeak. Horien itxieraren kalte ekonomikoak gutxitzeko eskainiko dituzte laguntza horiek, eta gehienez, mila euroko laguntza jaso ahal izango dute eskaera egiten dutenek.
Udalak jakinarazi duenez, gainerako erakundeetatik ere iritsiko dira herritarrentzat eta ekonomia eragileentzat laguntzak eta neurriak. Dena den, erakundeak adierazi duenez, neurri horien zain egon gabe, "itxaroteko baino ekiteko momentua delakoan", dirulaguntzak bideratzea erabaki du. "Herritarren egoneziaren aurrean, neurri prebentiboak egoki aplikatzeko baliabideak jartzea erabaki du udalak, eta aldi berean, sorrarazitako kalte ekonomikoen aurrean herritarrei erantzun egokia ematea. Udala da herritarrengandik gertuen dagoen eta gertukoena den erakunde publikoa, eta lehen erantzunak bertatik bideratzea da asmoa. Beti ere gainontzeko administrazioek epe labur nahiz ertainean har ditzaketen neurriak kaltetu gabe".
Azpeitiko Udalak bere baliabideak egoerari erantzutera bideratzea erabaki duela azaldu du, hori delako "herri moduan dugun lehentasun bat eta bakarra". Erakundeak azaldu duenez, eragile ekonomiko nahiz sozialei, maila desberdinetako erakunde publikoei, guztiei, dagokie beren ahalmenaren araberako ekarpena egitea: "Indarrak batu eta norabide berean lan egitea". Hori dela eta, udalak azaldu duenez, martxan jarri berri dituzten dirulaguntzak gainerako laguntzekin bateragarriak eta osagarriak izango dira.
Hona hemen, bi lerroen gaineko azalpenak:
Zaintzarako dirulaguntzak
- COVID-19aren ondorioz haurren edo dependentzia duten herritarren zaintzarako egin diren kontratazioak diruz laguntzea (Kontratazio bakoitzeko, gehienez ere, 1.000 euroko laguntza izango da, jardunaldi osoan).
- COVID-19aren ondorioz haurren edo dependentzia duten pertsonen zaintzarako soldatarik gabeko baimen eskaerak eta antzekoek sortutako kalteak konpentsatzeko laguntzak (laguntza 1.000 eurokoa izango da hilabeteko, bizikidetza unitate bakoitzeko bat erreferentziatzat hartuz).
Saltoki txikientzat, ostalaritza establezimenduentzat eta antzekoentzat dirulaguntzak
- Saltoki txikien nahiz ostalaritzako establezimenduen itxieraren ondorioz sortutako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko laguntzak (gehienez ere, 1.000 euroko laguntza izango da, hilabete bateko erreferentzia hartuta).
Dirulaguntzen deialdia eta eskaera orriak Azpeitia.eus webgunean eskura daitezke.