Koronabirusa Azpeitian

Langileen segurtasuna bermatzeko, neurriak areagotu dituzte enpresetan

Uztarria.eus 2020ko mar. 16a, 19:58

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko alerta egoeraren barruan, langileak beren lanpostuetara joateko baimena eman du Espainiako Gobernuak. Azpeitiko enpresa gehienetan lanean jarraitzen dute, Sarralle enpresan, ordea, aste honetan tailerrak itxita izango dituzte eta bulegoetako langileek etxetik egingo dute lan.

Azpeitiko enpresetan ere eragina izan du koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Espainiako Gobernuak ezarritako alerta egoerak, eta lantegietan hainbat neurri hartu dituzte beharginen segurtasuna babesteko. Lanpostuetara joateko etxetik irteteko baimena eman du Espainiako Gobernuak, eta enpresa gehienek lanean jarraitzen dute. Hala ere, aldi baterako tailerra ixtea erabaki duenik bada, esaterako, Azpeitiko Sarrallek aste honetan "behintzat" itxita izango ditu lantegiak eta bulegoetako langileek etxetik jardungo dute.

Lanean jarraitzen duten enpresa askotan, aukera dutenek etxetik lan egitea ahalbidetzeko neurriak hartu dituzte, eta kasu batzuetan, dagoeneko horretarako baliabideak ere jarri dizkiete langileei. Egoera une batetik bestera aldatzen ari dela-eta unean uneko babes neurriak eta erabakiak hartzen ari direla aitortu dute hainbat enpresatan.

Sarrallen, bulegoetako langileak bakarrik ari dira lanean, eta horiek, etxetik. Leire Elguren Sarralleko marketin eta komunikazio arduradunak Uztarria-eus-i adierazi dionaren arabera, tailerrak ixteko erabakia hartu du enpresako zuzendaritzak. "Datorren astean nola antolatuko garen astean zehar erabakiko dugu, egoeraren arabera eta beti gure langileen osasuna bermatzeko helburuarekin".

Bestalde, Bielek hainbat neurri hartu dituela bai, baina neurri horiek enpresako langileei bakarrik jakinaraztea erabaki du.

Elmubas Ibericaren kasua bestelakoa da. Etxe-animalientzako jana egiten du enpresa horrek, eta produktu horiek "oinarrizko produktutzat" jotzen direnez, ez daukate ekoizpena eteterik. Neurriak hartuta, baina lanean jarraitu beharra daukatela ziurtatu diote enpresa horretako ordezkariek Uztarria.eus-i.

ELA eta LAB sindikatuen argibideak

Alarma egoerak langileei sor dakizkiekeen zalantzak argitzeko helburuarekin, hainbat argibide eman dituzte ELA eta LAB sindikatuek.

Bi sindikatuen arabera, enpresariek betebeharra dute langileak koronabirusaren aurrean babesteko eta lanpostu bakoitzerako prebentzio neurri egokiak hartzeko. Nabarmendu dute ahal den lan guztia etxetik bideratu behar dela, eta aurrez aurreko harremanak soilik ezinbestekoa den kasuetara mugatu behar direla. Langileek lantokira joan behar duten kasuetan, jendearen pilaketak "bai ala bai" saihestu behar direla nabarmendu dute, gainera.

Lanaren izaerarengatik pentsonatik pertsonarako gutxieneko tarteak gordetzea ezinezkoa balitz, "babes neurri indibidualizatuak" exijitu behar dituzte langileek, besteak beste, osasungintzan eta zahar etxeetan. Horrez gain, "bereziki sentiberak diren pertsonak —arnas-aparatuko edo bihotzeko gaixotasunak dauzkatenak, haurdun dauden emakumeak edo hauekin harremanetan dauden pertsonak—" zaintzearen garrantzia azpimarratu du ELA sindikatuak, enpresei "exijituz" langile horiek etxean geratu ahal izatea. Neurri horiek betetzen ez diren kasuan, lana geldiarazteko prozedura hasi beharko litzatekeela adierazi du sindikatu horrek.

Zaintza betebeharrengatik lanera joan ezin duten langileei enpresek erraztasunak eman behar lizkiekeela uste dute bi sindikatuek. Kasu horietan, behar besteraezinengatik ordaindutako baimena jasotzea ahalbidetzen duen LE 37.3.D artikulua ezartzeko aukera dagoela gogorazi du LABek.

Enpresak ekoizpena eten eta langileak etxera bidaltzea erabakitzen duen kasuetan edo lanaldia moldatzea erabakitzen dutenetan baldintza guztiak argi eta idatziz jasota uzteko aholkatu dute bi sindikatuek. Oporralditik egunik kentzerik ere ez onartzeko esan diete langileei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide