Bertan behera utzi dute Pasaiako segadaren 36.urteurrenaren harira martxoaren 21ean, larunbata, Azpeitiko Azoka plazan egitekoa ziren ekitaldia. Pasaiako segadaran eraildakoen senideek jakinarazi dutenez, hainbat erakundek Koronabirusaren hedapenaren aurka hartu beharreko neurriak direla eta erabaki dute ekitaldia bertan behera uztea.
Ekitaldia egingo ez den arren, eskerrak eman nahi izan dizkiete ekitaldia antolatzen ibili direnei, eta "bereziki" ekitaldian parte hartu behar zuten Jotakie musika taldeko kideei, Jose Luis Otamendi idazleari, Egiari Zor elkarteari, Azpeitiko Udalari eta 1980ko ekainaren 11n Ziburun desagertu zen Jose Miguel Etxeberriaren anaia Eneko Etxeberriari.
Pasaiako segadaran eraildakoen senideek azaldu dute, "jakitun" direla horrelako ekitaldi bat aurrera eramateko baldintzak ez direla betetzen, baina azpimarratu dute, horrek ez duela esan nahi memoria albo batera utzi behar denik: "Ekitaldia egiteko baldintzarik ez egoteak ez du esan nahi urteurrena hurbiltzen ari zaigun honetan, Pasaian gertatutakoa eta gure senideen oroitzapena bazterrean utzi behar dugunik. Martxoaren 22an, igandea, betetzen dira 36 urte gure senideak erail zituztenetik. Duela 36 urte pasaiako badian gertatutakoa salatzen eta egia eta justizia aldarrikatzen jarraituko dugu".
Pasaiako segada 1984ko martxoaren 22an jazo zen, goizaldean. Espainiako Poliziak operazioa egin zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako talde baten kontra. Horren ondorioz, Rafael Delas, Pedro Mari Isart Pelitxo, Dionisio Aizpuru Kurro eta Jose Mari Izura hil zituzten poliziek.