Irribarrea ezpainetara eramatea edo barre malkoak bota araztea gauza onak dira beti, baina are gehiago eskertzen dira une zailak goxatzeko balio dutenetan. Ohi baino jende askoz gutxiago dabil egunotan kaleetan, baina seguru, hala ere, azpeitiar batek baino gehiagok barre pixka bat egin dutela Sagarna tindategiarekin erakusleihoa ikusita.
Modu bitxian apaindu dute, izan ere. Urte sasoi honetan ohikoak izaten dira erakusleiho horretan andregai soinekoak, eta horrelako bat jarri dute egunotan ere, baina ez edonolakoa: komuneko paperarekin egin dute soinekoa bera, komuneko paper-biribilkia jarri diote buruko apaingarri gisa, eta paper-biribilkiz inguratu dute manikia bera. Eta koronabirus malapartatuari eta horrek ekarri duenari eskainitako 'omenaldia' borobiltzeko, Miss Kobid 19 jartzen duen banda jarri diote manikiari. Koronabirusari, umore ona.