Koronabirusa Azpeitian

Dituzten beharrak ezagutzeko eta baliabideak eskaintzeko, 70 urtetik gorako herritarrei telefonoz deituko die udalak

Uztarria.eus 2020ko mar. 17a, 17:00

Guztira, 2.528 herritarri deituko die udalak datozen egunetan. Telefono dei horien bidez, bizi duten egoeraz eta dituzten beharrez galdetuko diete 70 urte baino gehiago dituzten herritarrei; izan ere, udalak azaldu duenez, herritarrak etxean "ondo" egotea nahi du erakundeak. Bestalde, larunbatetik bi telefono zenbaki eta e-posta helbide bat eskura dituzte laguntza behar duten herritarrek.

Udala 70 urtetik gorako 2.528 herritarrei telefonoz deitzen hasiko da egunotan, boluntario sarearekin elkarlanean. Telefono dei horien bidez, bizi duten egoeraz eta dituzten beharrez galdetuko diete 70 urte baino gehiago dituzten herritarrei; izan ere, udalak azaldu duenez, herritarrak etxean "ondo" egotea nahi du erakundeak. "Bakarrik badaude ere artatuta egotea da gure helburua. Ez dugu inor bakarrik sentitzerik nahi, eta herritar horiekin guztiekin ahalik eta epe laburrenean jarri nahi dugu harremanetan", azaldu du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

Joan zen larunbataz geroztik, adineko eta patologiak dituzten herritarrek bi telefono zenbaki dituzte eskura, beren beharrei erantzuteko laguntza eskatzeko: 943-15 71 92 eta 943-54 79 83. Gainera, gizarte@azpeitia.eus helbidea ere idatz dezakete mezua. Herritar horiek udal baliabideen eta boluntarioen bidez jasoko dute erosketak egiteko nahiz botikak erosteko laguntza. Gainera, bakardadeak sortutako ezinegona duten pertsonek ere laguntza profesionala jasotzeko aukera izango dute.

Udalak azaldu duenez, dagoeneko hasi dira herritarrak beren beharren berri ematen, eta oraingoz, udal baliabideen bidez ari dira horiek beharrei erantzuna ematen. Dena den, egunotan 70 urtetik gorakoei egingo dizkieten deiei esker, herritarren egoera "hobeto ezagutzeko aukera" izango duela adierazi du erakundeak: "Behar berriak atzematen badira, horiei erantzuteko neurriak eta baliabideak jarriko ditugu". Izan ere, udalaren lehentasun eta kezka nagusia herritarren osasuna eta egoera pertsonala direla azaldu du Goenagak.

Gainera, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eskerrak eman dizkie herritarrei arduraz eta zentzuz jokatzen ari direlako, eta boluntario sareari eskerrak eman dizkio, erakutsitako prestutasunagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide