Koronabirusa Azpeitian

Ikastetxeak epemuga zehaztu gabe itxi ditu Eusko Jaurlaritzak

Uztarria.eus 2020ko mar. 18a, 16:30

Iraurgi Ikastetxearen Jose Artete kaleko eraikina.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek itxita segituko dute "beste abisu bat eman arte". Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, luzatu egin du aurrez aurreko eskolen etetea. Ikusteko dago noiz itzuliko diren ikastetxeak ohiko jardunera. Orain arte martxan diren gidalerroek indarrean segituko dutela azaldu du Jaurlaritzak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztiak epemuga zehaztu gabe itxi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hezkuntza Sailak gaur, asteartea, eman du erabaki horren berri ohar bidez. Joan zen astean, erakundeak hamalau egunerako utzi zituen bertan behera aurrez aurreko eskolak, baina itxialdia luzatzea erabaki du, "beste abisu bat eman arte". Horrenbestez, ikusteko dago noiz itzuliko diren ikastetxeak ohiko jardunera.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, gertaeren bilakaera eta agintariek hartutako neurriak ikusita hartu du itxialdiaren epea luzatzeko epea. Gainera, orain arte indarrean diren neurriekin jarraituko dutela adierazi du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak: "Ikastetxeei adierazitako gidalerroek indarrean jarraitzen dutela egiaztatzen dugu, bai irakaskuntza jardueraren garapenari dagokionez, bai ikasleei eman beharreko arretari eta familiei eskaini beharrko komunikazioari dagokionez". Hark osasun agintarien gomendioak "zorrotz" betetzearen garrantziaz ohartarazi du, "jardueren normaltasunari ahalik eta lasterren berrekin ahal izateko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide