'Ttap' aldizkari digitalaren edizio berria eta 'Gorabeherak' ikus-entzunezkoen saila estreinatuko dituzte bihar

Uztarria.eus 2020ko mar. 19a, 13:51

'Ttap' aldizkariaren azal bat.

Ttap astekari digitala edukiz eta formaz berrituta argitaratuko da bihartik aurrera. Zero zenbakia kaleratu zenetik hogei hilabetera, aldizkariaren lantaldeak haren ibilbidearen inguruko gogoeta sakona egin eta hainbat aldaketa egin dizkio aldizkariari, "etengabe hobetzen jarraitzeko".

Orain arte aldizkariak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zituen hiru edizioak bakar batean bilduko ditu Ttap-ek aurrerantzean. "Hasieran genuen susmoa berretsi dugu, eta ikusi dugu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erabiltzaileen portaeran badirela aldeak. Aldizkariaren kontsumoan badaude diferentziak lurralde batetik bestera. Baina ñabardura txikiak dira, eta uste dugu ez direla nahikoak hiru edizioko eskemari eusteko. Gainera irakurle askok behin baino gehiagotan eskatu digute edizioak bateratzea, eta aurrerantzean hala jardungo dugu: Ttap bakarra izango da Euskal Herri osoarentzat", dio aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik. "Ttap sortu zen lehen unetik, baimena eman diogu geure buruari formatuarekin eta edukiarekin jolastu eta esperimentatzeko, eta tira, hau da esperimentu horien ondorioetako bat: azkenean, forman ere, dinamikoa eta bizia da Ttap, aldatzen eta eboluzionatzen doana".

Edizio bateratuak atal eta kolaboratzaile berriak izango ditu, eta euskal lurralde guztietako gaiak landuko ditu. Monika Belastegik dioenez, "lurraldekako planteamendua gainditu eta euskal herritar guztientzako interesgarria den produktua sortu nahi dugu, edizio ezberdinak deskargatzera behartzen ibili gabe"Ttap-ekin kolaboratuko duten lagunen artean daude: Izaro Andres, Anabel Arraiza, Aitzol Atutxa, Ion Celestino, Aingeru Epaltza, Angel Erro, June Fernandez, Ander Izagirre, Ane Labaka, Bea Sever, Arantza Urretabizkaia, Oier Zuñiga, Janire Azkueta, Jokin Ayerregaray, Naia Ibrain, Aitor Abaroa...

Diseinu berritua

Diseinuan eta maketazioan ere aldaketa nabarmenak dakartza Ttap berrituak. Belastegik azaldu duenez, "inbertsio handia egin dugu aldizkariaren diseinua eta maketazioa eraberritzen, garbiagoa eta erabiltzen errazagoa izan dadin". Ttapen diseinuaren arduradunak, Iñaki Iturbek, honela laburbildu ditu aldizkariak itxuran izango dituen aldaketa nagusienak: "Diseinu berriak edukia modu erabilerrazean ematen du". Giltzak dira ordena –elementu grafikoak logika bateratuz antolatuta daude– eta diseinuaren garbitasuna. Gainera, aurrerantzean, mobileko edukiak tabletakoen mailan egongo dira, ez dira murritzagoak izango. Eta aldizkariaren izenari keinu eginez, bitxikeria bat dakar diseinuak: azalean ageri den pertsona elkarrizketatuak irakurlea agurtu ondoren, aldizkariaren izenak dioen moduan, ttap egingo du pantailaren "beste aldetik", eta orduan agertuko da pantailan aldizkariaren azala".

Gorabeherak saila

Berrikuntzarekin eta esperimentazioarekin jarraituz, bihar kaleratuko duteb edizio berriak aldizkarirako propio sortutako eduki berri bat estreinatuko du: Gorabeherak ikus-entzunezko sail bat da umorezko kapitulu laburrez osatua, Ttapek hamabostean behin eskainiko dituena. Datorren astetik aurrera atari honetan ere ikusgai izango da.

Belastegiren hitzetan: "Gorabeheraken planteamendua oso sinplea da: igogailu bat izango dugu, hildakoak zerura ala infernura eramaten dituena. Igogailu horren arduraduna Ramon da, igogailuzaina, eta berak egoera xelebreak biziko ditu igogailuan gora ala behera eraman behar dituen eta denok ezagutzen ditugun pertsonaiekin. Pertsonaia horien artean denetarik izango dugu. Gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako".

Ttapen lantaldea oso ilusionatuta dago Gorabeherak proiektuarekin: "Mimo handiz egin dugu, eta uste dugu emaitza dibertigarria eta oso txukuna dela. Gogo handia dugu publikoari erakutsi eta iritziak jasotzeko, guri behintzat ederra iruditu zaigu eta". Belastegik eskerrak eman dizkio proiektua posible egin dutenei: alde batetik Tabakalerako 2deo Laborategiari eta Bertako Igogailuak enpresari, egitasmoan sinistu eta babes ekonomikoa emateagatik. "Babes eske joan ginenean, ideia polit bat besterik ez genuen, eta uste dugu eskertu eta aitortzeko modukoa dela gugan konfiantza osoa jarri eta ideia hutsa zena diruz laguntzeko apustua egin izana. Gorabeherak kajoi batean gordetako ideia polita litzateke 2deo eta Bertakoren babesik gabe".

Bestalde, sorkuntza lana ere goraipatu du Belastegik: "Luxua izan da Kepa Errastiren eta Nerea Arriolaren erabateko inplikazioarekin kontatzea. Kepak berehala heldu zion zirriborratua genuen ideiari eta hartu duen forma zehatza ematen erabakigarria izan zen bere ekarpena. Atalen gidoiak eta zuzendaritza lana ere bereak dira, eta gure ustez behintzat, emaitza bikaina da. Nereak ere sekulako lana egin du, atal bakoitzean fisikoki ere guztiz ezberdina den pertsonaia antzeztuz, eta karakterizazio prozesu luze eta astunak batere kexurik gabe jasanda. Emaitza, gure ustez behintzat, bikaina eta oso dibertigarria da, eta espero dugu publikoaren oso gustukoa izatea".

Oinarriekiko fideltasuna

Esan bezala, bihar kaleratuko du Ttapek edizio berritua. Itxuran eta edukietan aldaketak egin arren, oinarrizko irizpideak betikoak izango dira:

  • Doako aldizkari digitala
  • Kontsumo arin eta urbanokoa
  • Irakurri ez ezik, ikusi, ukitu eta entzun egin daitekeena
  • Euskara hutsez
  • Hainbat komunikabideren artean elkarlanean ekoitzia.

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, UKT, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan, https://labur.eus/ttap helbidearen bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide