Mendian gora, birusa

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2020ko mar. 20a, 11:22

Bada koronabirus kasuak denbora errealean ematen dituen Youtubeko kanal bat, eta nik, Olinpiar Jokoen tankera hartzen diot. Rankingean gora eta gora goaz, eta itxura guztien arabera, Euskal Herrian koronabirusak menpean hartuko ditu, beste pixkatean bederen, hainbat herritar. Esnatu eta nahieran ditudan hedabide guztietatik bat edo gehiago aukeratzen ditut, informazioa jasotzeko eta datuen autoanalisi bat egiteko. Ezertarako balio ez duen sasi-analisi bat egiten dut, neuretzako gordeko dudana edo sarean eskegiko dudana #EtxeanGelditukoNaiz traolarekin. Bitartean, nire leihotik txakurrik eta erosketarik gabe pasieran dabilen auzokideari begirada txar bat botako diot, edo beharbada oihuka etxera joateko eskatuko diot, inongo errukirik gabe.

Denok gaude COVID-19aren krisiak goia noiz joko zain, baina "okerrena heltzeko dago" entzuten dugu medioetan, eta badaezpada ere eskuak garbitzera joaten gara enegarren aldiz, eskuak garbitzeak berrogeialdiko egun bat kentzeko boterea duela guztiz sinetsita. Eta bitartean, whatsappean jasotzen ditugun bideoen erauntsiak aurrera darrai, koronabirus kasuek nola; etxetik ateratzeagatik zein ganoragabeak garen gogorarazten digun erizainaren bideoa, Txanogorritxuren bertsio alternatibo bat kontatzen diharduen herriko ipuin kontalariarena eta komuneko paperarekin jolasten dabilen kuadrillakoarena.

Koarentena hasi zenetik jakina zen egoera honek luze joko zuela, eta egun batzuk aguantatu ostean, ez dut Aste Santuko oporraldia bertan behera utzi beste erremediorik izan. Halere, tentuz begiratzen diot iluntzeko albistegietan erakusten duten koronabirusaren bilakaeraren grafikoari, eta eguna joan eta eguna etorri, mendi horrek beherantz noiz egingo duen zain nago. Badakit egun hori iritsiko dela, eta mendiak behera egin ahala, nire animoek gorantz egingo dutela.

Sarri ahaztu egiten zait, ordea, mendi horren atzean pertsonak daudela; nire etxepeko bigarren pisuko amona maitagarria, unibertsitatean izan nuen irakasle gogaikagarri hura eta telebistan egunero agertzen den sailburu lepatentea izan daitezkeela mendi horren zimentu. "Lau kasu berri eta bi hildako" irakurtzen dut, baina nire buruan zenbakiak bakarrik ikusten ditut, eta konturatzen naiz neu ere banaizela koronabirus kasuak despertsonalizatzearen biktima. 

"Pasatuko da" diogu, eta hala izan bedi, baina COVID-19a pasatu dutenak ere izango dira, eta baita pasatzerik lortu ez dutenak ere, birusaren bilakaera horren mendiaren parte izan diren horiek. Beharbada ez da inori errua botatzen hasteko momentua. Ez naiz oso konspiranoikoa, ez dut uste inork birus hau apropos zabalduko zuenik, eta erakundeek hartutako neurriak ere ez zaizkit sobera zorrotzak iruditzen. Baina garbi dagoena da, paradoxikoa badirudi ere, osasuntsuagoa dela gaur-gaurkoz etxean gelditzea, mendia igotzera joatea baino, eta denon ardura dela koronabirusaren mendiak beherantz egin dezan lanean jarraitzea, mendi hartan ezinbestean harrapatuta gelditu diren herritarrak ahaztu gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide