#EtxetikMundura

Felipe Murilloren kontzertua, etxetik mundura

Uztarria.eus 2020ko mar. 20a, 20:59

Felipe Murillo musikariak eskaini du #EtxetikMundura saioen bigarren emanaldia. Murillok hainbat abesti jo ditu pianoan ahotsaz lagunduta, ordu-erdi inguruko saioan. Dena den, ez da Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko hedabideetan eskaini den saio bakarra Murillorena: Baleike.eus-en Roberto Gutierrezek filmak ikusteko hainbat gomendio eman ditu, Karkara.eus-en Ibari Marinek eta Libana Taboadak kontzertua eskaini dute, Maxixatzen.eus-en Goiuri Epelde idazleak olerkiak errezitatu ditu eta Zarauzkohitza.eus-en Josu Txapartegi Txapas-ek eta Marije Zumetak kontzertua eskaini dute.

Bihar izango dute jarraipena emanaldiek; izan ere, herriko beste hainbat sortzaileren saioak prest ditu dagoeneko Uztarria.eus-ek, baita UKTko gainerako hedabideek ere. Dena den, tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide