#EtxetikMundura

Ane Juradoren abestien txanda izango da gaur

Uztarria.eus 2020ko mar. 24a, 15:22

Ane Jurado musikaria.

Ane Jurado abeslariak eskainiko du #EtxetikMundura egitasmoaren seigarren saioa. 20:00etan hasiko da haren emanaldia. Datozen egunetan ere hainbat sortzaile izango dira Uztarria.eus-en egitasmoan.

Seigarren emanaldira iristear da #EtxetikMundura egitasmoa. Atzo, Deñe Garcia-Bravo abeslariak eskaini zuen saioa, eta gaur Ane Juradok eskainiko du hainbat abesti. 20:00etan hasita eskainiko du saioa Uruguain den musikariak, herritarrei konfinamendua arintzeko asmoz.

Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak; besteak beste, Amaia San Vicente ipun kontalariak, herriko hainbat bertsolarik, Ainhoa Martin abeslariak... eskainiko dituzte emanaldiak, eta Xanti Rodriguezek filmen gomendioak egingo ditu. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide