Konplizitate tonua eta keinuak erabilita, gertuko batek azaldu didanez, gazte-txartela denei iristen omen zaie... Eta nik begiak pixka bat kizkurtu, eta baietz, 14 eta 30 urte bitartekoei, uste nuela. Eta hark ezetz, ez nuela harrapatu, "denei" esan zuenean denei esan nahi zuela. "Eta mobilidadie?", hark, temati, bekainak igotzen zituen bitartean. "Ein?", nik, benetan ez bainuen ezer ulertzen. Beno, ez da guztiz egia, hasierako "denei" hark susmoak piztu zizkidan eta. Garraioetako deskontuen onurak jasotzeari buruzko kezka zen "mobilidadie". Zehatzago, denek jasotzen zituztela. Hau da, moroek, beltzek eta pantxitoek ere bai, azkenean argitu zidanez. Zeinek erabiltzen ditu ba, garraio publikoak? Guk, gutxi, etxean bina kotxe izaten ditugu eta. Nola joan behar dute ba, bestela, ondoko herrira gure ama zaintzera, gure aitari ipurdia garbitzera? Harantzagoko jatetxera, sukaldeko harrikoa egitera? Garagardoak eta kafeak ateratzera? Arrantzan egitera? Edo, urrutiegi joan gabe, zabortegi-zuloan amianto-zakuak botatzera?
Vox populi dira mantra horiek, baina –espero– ez herriaren ahotsa. Hala ere, beldur naiz ez ote dagoen, beharbada beraiek konturatu gabe, gero eta –barkatu sigla-joko txatxua– VOX populus gehiago gure artean.
Burua ezker-eskuin astinduko nuke topikook piperpotearen gainesposizioa egiten duten Ebrotik beherako fatxa horiek esango balituzte, baina Urola ertzetako voxjendeak egindakoak dira: fatxa rojigualdaz, bai, baina joan liteke soineko xuriz jantzia ere, buruan orlegi, bihotzean sua.
Izan ere, arnasa hartzea gero eta gehiago kostatzen zait, Bizkaia maite horretako zabor-mendian banengo bezala, txuriz jantzita, zaldien ibarreko berdetasun idilikoaren erdian kontrolik gabe pilatutako zaborraren bihotzean piztu eta dena kakazten duen sua itzali ezinik.