Anartz Izagirre: "Aurreiritzi asko ditugu eta ez gara arriskatzen"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2020ko mar. 28a, 09:00

Anartz Izagirre.

Anartz Izagirre kazetariari egokitu zaio Uztarria aldizkariaren 2020ko martxoko zenbakian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Zer da zure lanean gehien goxatzen zaituena?

Egiten ditudan elkarrizketen edo erreportajeen feedbacka jasotzeak.

Nolakoa behar du kazetariak jendearengana iristeko?

Zehatza eta zuzena. Sexualitate kontuetan bezala, zer lortu nahi duzun jakitea garrantzitsua da.

Sexualitateari dagokionez, zertaz informatu behar genuke jendartea?

Orokorrean, sexualitateaz arrastorik ez dugula esango nuke. Dena den, sexu bidezko gaixotasunez edo harremanetarako beharrezkoak diren balioez informatu behar genuke.

Azpeitiko ligoteo kronika titular batean?

Aspergarria: oso zuzena, aurreiritzi asko ditugu eta ez gara arriskatzen.

Sexualitatea gaitzat duen zer albiste entzun nahi zenuke?

Tratu onetan eta errespetuan oinarritutako Euskal Herri bat dugula.

Kazetaritzan funtsezkoa da informazioaren kalitate ona. Zerk lagun dezake maindire arteko esperientziaren kalitatea hobetzen?

Iturria fidagarria izateak; eta zeure buruarengan konfiantza izan eta inprobisatzeak.

Zertan dira antzekoak informazioa jasotzeko eta ligatzeko modu berriak?

Aukera berriak sortu dira, baina jakin egin behar da zer-nola erabili.

Erreportaje erotiko bat, nori?

Apaiz edo moja bati.

Maitasun testuak: ahoz edo idatziz?

Halako testuak diren bitartean, edozein eratara. Aurrez aurre entzuteak xarma gehiago du, halere.

Lantokiko guneen artean, bihurrikerietarako txoko bat?

Igogailua, dudarik gabe.

Komunikatzeko zailtasunak dituen lagun bati zer esango zenioke?

Inor ez dela ikasita jaiotzen eta egoera erlatibizatzeko nahiz inprobisatzeko. Denok ditugu konplexuak eta beldurrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide