Pertsona lasaia ematen dudala esaten dit jendeak. Baina ez dute lepo gaineko ganbara hau ondo ezagutzen: geldiezina da, ikaragarrizko egonezina dauka. Ihes egiten dit gogoak hara eta hona, espazioan zein denboran. Iraganera eta etorkizunera jauzika ibili ohi da. Etorkizunera, batik bat, etorkizun hipotetikora: banu, balego ta balitz. Planak egiteko dut joera, etorkizuna imajinatzekoa, gero dena pikutara joan daitekeela jakin arren. Bizitzak behin eta berriro erakusten digun arren gure buruan muntatzen ditugun balizko pelikula horiek ez dutela bide luzerik. Beti gertatzen baita zerbait, guztia atzekoz aurrera jarriko duena. Eta, horratx: atzekoz aurrera, barrukoz kanpora, buruz behera eta hankaz gora. Halaxe gelditu gara, birus bat medio, zenbait asterako.
Bakarrik tokatu naiz konfinamenduan. Bakarrik, ohituta dagoena baino laztan eta musu gehiago jasotzen ari den katu batekin. Telelana egin dezaket; beraz, zorteko naiz. Sarri deitzen dit inguruko jendeak, zer moduz nagoen jakiteko. "Osasuntsu, beraz, ondo" erantzuten diet. Ez dut uste inoiz lehenago halakorik esan izan dudanik. Baina, oraingo honetan, garrantziak buruzgain egin digu. Lehen inportantea zena orain ez da hainbeste. Eta segurutzat ematen genuena ez ote den hain segurua: osasuna eta gizakion ustezko garaiezintasuna, alegia. Birusaren eraginez, zaurgarriak garela ohartu gara, uste baino ahulagoak. Muntatuta genuen, edo muntatua ziguten txiringito osoa haize ufada batek suntsi dezakeela, aurre-abisurik gabe eta ia oharkabean.
Agian nire irudimena da, baina, desesperazioak eta ernegazioak alde batera utzita, telefonoz bestalde, jendea alaiago sumatzen dut. Egia da konfinamenduan oraindik aste eta erdi baino ez dugula pasa, baina uste dut bazegoela geldiune honen beharra. Katetik atera eta norberari behatzeko denbora hartu beharra; norberari eta ondokoei. Konfinamenduan gustura dagoela esaten didanik ere bada. Horretarako, ez dut uste gakoa etxezale edo etxezulo izatea denik, bakoitza bere lepo gaineko kasko horretan gustura egotea baizik. Hori da hemen desafiorik handiena: munduko zarata isildu den honetan, norberaren konpainian gustura sentitu ahal izatea.
Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzan.