Eider eta Iraia Bereziartua nahiz Egoitz Arruti Inharrak taldeko kideak dira, eta gaurkoan musika eta olerkiak uztartuko dituzte #EtxetikMundura egitasmoaren barruan eskainiko duten emanaldian. Atzoko saioan Erniarraitzeko bertsolariek bertso katea osatu zuten, eta gaur, 20:00etan hasita, Inharrak taldearen doinuak izango dira protagonistak.
Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak; besteak beste, Amaia San Vicente ipun kontalariak, Ainhoa Martin abeslariak, Olatz Alkorta margolariak, Lurdes Alkorta eta Enaitz Alberdi trikitilariek eta Paola Moto zinemagileak eskainiko dituzte saioak. Gainera, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.
Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.
Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!