Azpeitiko Udal Musika Bandako zenbait kide eta beste hainbat herrietako musika bandetako lagunak izango dira gaur Urola Kostako Komunikazio Taldeak (UKT) martxan jarritako #EtxetikMundura egitasmoko protagonistak. Umorerik galdu gabe eta mozorroak soinean, musikariek Goizeko izarra abestia eskainiko dute gaur 20:00etan hasita Uztarria.eus-en. Emanaldi berezia izango da. Izan ere, hogeita bost musikarik parte hartuko dute saioan, eta musika banden doinuak zabalduko dituzte etxetik mundura.
Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak; besteak beste, Olatz Alkorta margolariak, Lurdes Alkorta eta Enaitz Alberdi trikitilariek eta Paola Moto zinemagileak eskainiko dituzte saioak. Gainera, Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.
Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.
Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!