Konfinamendu egoera dela eta, Azpeitiko haurrei eta horien gurasoei egunak pixka bat arintzeko asmoz #EtxeanJolas egitasmoa jarri dute martxan Urolako Komunikazio Taldeak eta Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak elkarlanean. #EtxeanJolas egitasmoaren barruan, Azpeitiko Txiki-Txoko eta Iturritxiki ludoteketako hezitzaileek haurrentzako hainbat bideo egingo dituzte, eta saio horietan etxean egin daitezkeen eskulanak, asmakizunak eta jolasak proposatuko dituzte, besteak beste. Gaur, ostirala, Txiki-txoko ludotekako hezitzaileek eskulanak proposatu dituzte #EtxeanJolas egitasmoaren zortzigarren saiorako.
Bidali zuen argazkiak
Aurrerantzean, #EtxeanJolas egitasmoaren barruko saioetan egindako jolasak, eskulanak eta bestelakoak etxean egiten dituzten lagunek, argazkiak bidaltzeko aukera izango dute, ondoren Uztarrian argitaratzeko. Argazkiak honako telefono zenbaki hauetara bidali beharko dira: 680 19 88 63 (Iturritxiki) eta 680 22 92 81 (Txiki-txoko).
Egunero 16:00etan eskainiko dute #EtxeanJolas saioa Uztarria.eus-en. Egitasmoaren helburua da haurrek ludoteketan egin ohi dituzten ekintzak herriko etxeetara gerturatzea, egunak pixka bat dibertigarriago egiteko.