Maiatzean egitekoak ziren lehen jaunartzeak irailera atzeratzea erabaki dute Azpeitiko Parrokian. Hain zuzen ere, datorren hilaren 3an, 10ean eta 17an egin behar zituzten aurtengo lehen jaunartzeak, baina koronabirusaren krisiak eraginda, data horiek bertan behera utzi eta uda ondorenerako data berriak jarri behar izan dituzte. Horrela, lehen jaunartzea maiatzaren 3an egin behar zutenek irailaren 13an izango dute hitzordu berria, maiatzaren 10ean egin behar zutenek irailaren 20an, eta maiatzaren 17an jaunartzea egin behar zutenek irailaren 27an egingo dute azkenean.
Urrestillan ere udazkenera atzeratu dituzte lehen jaunartzeak. Maiatzaren 24an zuten aurtengo ospakizunerako hitzordua egina Urrestillan, baina data hori bertan behera utzi eta urrian egitea erabaki dute. Urriko data berria egunotan zehaztuko dute.
Aurten 80 inguru dira Azpeitian lehen jaunartzea egingo duten umeak, eta 11k egingo dute Urrestillan.