Irakaspenak

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Gurrutxaga 2020ko api. 11a, 11:09

(Itziar Aranguren)

Amagoia Gurrutxagak 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nik hitz hauek idaztetik zuk irakurtzera bitartean koronabirusak gure artean egingo duen bidea aurreikustea ezinezkoa zaidanez, ez zaitut aspertuko iragarpen ustelekin; eraikitzaileago eta interesgarriago deritzot pandemiaren aurkako neurri zaparradaren erdian josi diren babes eta elkartasun sareei erreparatzea. Jakinekoa da: bai Azpeitian, bai Azkoitian, bai Zarautzen, bai Zestoan, bai Zumaian, bai beste hamaika herritan, ehunka boluntario antolatu ziren krisia lehertu berritan, larrialdian suertatutako jendeari laguntza oinarrizkoena eman ahal izateko. Beharra sumatu, behar horri erantzuteko modua bilatu eta antolatu egin zen jendea, dirutan irabazirik lortzeko asmorik gabe. Ordutik, laguntza praktiko ukaezinaz gain, ordainezina den irabazi klase bat eskaini diete boluntario sare horiek beren auzo eta herriei: elkarri eusteko eta elkar indartzeko ahalaren kontzientzia.

Herri askotan, gehienetan ez esateagatik, udalarekin koordinatu dira elkartasun sareok. Hala izan da Azpeitian ere, badakizu. Zarautzen, ez. Kontrakoa: udal ordezkari zenbait, alkatea bera buru, boluntarioen lana gutxiesten eta desitxuratzen nabarmendu dira, sarea indargabetzeko helburu argiarekin, Eusko Jaurlaritzaren kanpaina batek antzeko mezuak zabaltzen zituen bitartean. Halaxe ulertzen dute batzuek auzolana, antza. On dagiela. Boluntario sareek berean segitu dute, hala ere. On dagigula. Segituko ahal dute koronabirus ostean ere larri ibiliko direnei laguntzen, argi baitago pandemiak, jendearen osasun fisikoari erasan dion bezalaxe, kalte sozio-ekonomikoak ere ekarriko dituela. Ari da jada ondorioak izaten. Hasteko, bizitza guztian gogoratuko dugun esperientzia bat delako eta, esperientzia hori, askorentzat, traumatikoa izango delako. Eta ez naiz ari birusak eragindako heriotzei buruz bakarrik. Ezta ohiko irabazien parte bat irabazteari utziko diotela-eta mainaka ikusten ari garen jauntxoei buruz ari.

Urteetako politika publiko pribatizatzaileen eraginez, osasun sistema ustez zoragarri baten ipurdia erabat bistan geratu da. Eskerrak ipurdi horri zerbitzu publikoan sinesten duten milaka profesionalek eusten dioten! Eta pandemiari aurre egiteko orduan, langileen eta gizarte osoaren osasunaren eta eskubide indibidual eta kolektiboen aurkako neurriak hartu dituzte agintariek, enpresari handien interesak lehenetsiz. Lanik gabe geratu da jende ugari: batzuk, behin-behinean; ez dakigu zenbat, behin betiko. Eta lehendik ere santututa zeuzkaten supermerkatuak jainkotu egin dituzte oraingoan, gure elikagaien kontrol erabatekoa beren esku utziz, eta –lehentasunezkotzat ez diren produktuak saltzeko dendak itxiarazi ostean– lehentasunekoak ez diren produktuak saltzen utziz. "Monopolio" edo "lehia desleial" dei dakioke horri, baina Alarma Egoera izena jarri diogu. Baserritarrekin akordatu dira batzuk, sikiera. Horretan, Azpeitian zein Zarautzen, ondo.

Zertarako?

Etxe barruan sartu gaituzten arte ikusi ez ditugun beste hainbat kontu ere badira. Bat: zaharrekin batera, emakumeak eta haurrak direla zaurgarrienak hondoratze garaikideotan ere. Bi: klase sozialak eragin zuzena daukala halako egoerei aurre egiteko aukeretan. Eta hiru: sinetsita geundela Txinan hasitako zerbaitek ez zigula guri eragingo, nola ez ba; zertarako erosi guk maskarak, zertarako eduki ospitaleak prestatuta, zertarako egin kasu Osasunaren Mundu Erakundeari? Ez dizut erantzunik emango. Erantzun guztiak badakizkizu, dagoeneko. Beharko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide