Zuk hau irakurtzeko beta edo astia hartzen duzunean, ez dakit ze egoeretan izango garen. Martxoaren 10a da ni hau idazten ari naizenean (zorionak, Txapel, tarteka kafe bat ordaintzeak ez dik kalterik egingo), eta egoera ez da txantxetarakoa.
Baina txantxarik eta graziarik gabe, zertarako bizi. Ni neu, hermano jesuita izateko oposaketak prestatzen ari naiz. Ez naiz inoiz gau-txori toptena izan, baina Gau Txorin ordu batzuk sartutakoa naiz. Eta kitto, aski da, nahikoa eta gehiegi! Jendetza dagoen lekuetan deseroso sentitzen naiz, lau hankako mahai txiki baten inguruan elkartutakoekin nahikoa eta sobera. Zu lasai, ni neu naiz xelebre samarra. Aspaldian kaferik ordaintzen ez didan goiko horrek dioen bezala, xelebrio.
Baina ez naiz ni, neurea ontzat hartu eta besteena gaitzesten ibiltzen den horietakoa. Nik neure etxea defendatuko dut, baina besteena erasotu gabe. Batere koherentea ez naizela pentsatuko duzu, baina parrandazaleak, juergazale golfoak eta artistak miresten ditut. Oiarzabal, Olaizola edo Landa adina. Parrandan gozatzen duten horiek, gaueko artista horiek, beti eman didate sekulako inbidia. Festa odolean daramatenek sekulako bizi-poza ematen didate.
Inauterietan ez dut kalerik zapaldu, gogorik eta beharrik ere ez, baina Txikiteo Eleganteko goseak edo astelehen gaueko mozorro festako ilusioak guztiz liluratzen naute. Igande arratsaldeko lauretakoa, berriz, markatik fuerakoa da. Ez ote da Botijo kuttunaren oinordekoa inoiz oldartuko!
Idolo lagunok, zuek segi gozatzen. Urbietak hermano jesuita izateko oposaketekin jarraituko du. Lasaitasuna, patxada eta meditazioa. Uummmmmmm.