Koronabirusa Azpeitian

Birusaren urtea

Jose Luis Otamendi Kulturaz kultur kooperatibako lehendakaria 2020ko api. 8a, 17:00

Laboaldiako irudi bat.

Ematen du gehienok geure mundualdian gaurdaino bizi izan ez duguna ari garela ezagutzen azken asteotan. Osasun krisia globala da orain, batez ere gu tartean harrapatu gaituelako izango da, eta sakona denik ezin ukatuko du inork eragin dituen zuzeneko ondorio sanitario eta humano tamalgarriei erreparatuz gero.

Baina etxe-zuloak aske husteko baimena lortu eta gure jardun sozialaren jokalekuak berreskuratu artean, seguru asko ez gara jabetuko gerora zeri egin beharko diogun aurre. Krisi honen erasanak jendartearen alderdi guztiak joko ditu, nahiz berdin-berdin ez dituen astinduko denak.

Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz Kooperatibak gertutik bizi izan dute gure herriak aspaldi handian ezagutu duen kultur loraldi oparoena. Ez ditugu orain on aldi horren balizko arrazoiak arakatuko, ez diogu bide emango oraindik gertatu ez denaren nostalgiari, eta ez gara orduz baino lehen hileta jotzen hasiko.

Hala ere, kulturarentzat ere latzak aurreikusten diren garaien aitzinean, gure jardunaren alderdi batzuk azpimarratzeko une egokia delakoan nago. Ez dakigun erraz ahaztu nondik gatozen eta zer garen, zer izan nahi dugun.

Inguruko beste hainbeste enpresaren antzera, oraintxe bertan Kulturaz Kooperatiba aldi baterako enplegu erregulazio espediente pean dago. Kooperatibako hainbat langilek dena den lanean segitzen du militantziak aginduta, eta hutsaren aldera...

Egoerak ahalbidetu bezain laster zabalduko dira berriz Sanagustin Kulturguneko, Soreasu Antzokiko, eta Dinamoa sormen guneko ateak. Geroak esango du nola eta zer tamaina modutan, baina geldialdi honen ostean martxan jarriko da atzera berriz Azpeitiko kulturaren fabrika.

Jakina denez gure ereduaren muina autonomia eta elkarlana dira. Autonomia ideologikoak eta ekonomikoak egiten gaitu libre, eta lankidetzak ekarri dio hau bezalako egitasmo bati osasuntsu egoteko behar izan duen giharra eta kemena.

Hamar urte eskasean kultura herri baten ikur bihurtzeak erakusten du zerbait. Eta beste inori meriturik kendu nahi izan gabe, uste dut gauzak egiteko era horrek zerikusia izan duela, eta ekarri duela hein batean Azpeitiko kultur laborategia Euskal Herriko beste hainbat kultur asmo eta ekimenentzat ispilu izatea.

Autonomia eta elkarlana euskal kultura sustatzeko eta herritarren zerbitzura, tresna gisa izaera sozialeko enpresa egitura baliatuta. Eta garrantzitsua izanda ere aldagarria izan daiteke tresna, tresna besterik ez baita, baina tinkoen zaintzea eskatzen dutenak helburuak dira. Hala izan da gauzak ondo joan direnean, eta beherako joera badator, areago saiatu beharra egongo da funts horri eusteko.

Nago erresistentzia fase batean sartuko garela aurki, eta trinko elkar hartu eta indarrak bildu beharra izango dugula. Horretan lagunduko du, noski, eragileekin eta eragileen arteko urteetako elkarlanaren eskarmentuak, eta sortzaile eta langileek behin eta berriz eskaini izan diguten profesionaltasun eskuzabalak.

Hori guztiaren oinarrian, berriz, hutsik egin gabe hor izango dira Kultur Mahaiko taldeak eta norbanakoak, herritarrak, Udala, eta beste hainbat enpresa eta entitate. Lankidetza molde horretan dago Azpeitiaren ekuazioaren gakoa.

Kultura ez da entretenimendu hutsa, zer garen, zer ez garen erakusten digu, galderak egiten dizkigu etengabe. Euskaraz egiten den kultura ez da edozein kultura. Horregatik maiteko ditugu kultura guztiak akaso, agian geurea ere kinka batean ikusten dugulako egunero samar.

Sortzaileek eta gainerako kulturako langileek duintasunez lan egiteko eta bizitzeko eskubidea dute, eta ohi bezala horren alde egingo dugu indartsu, haienganako begirunea aldarrikatuz.

Herritarrei kultur bideak urratzeko eta gozatzeko aukerak zabaltzea, bestetik, beti izango da denon ardura, eta krisi sasoietan bereziki arreta jarri beharreko alderdia.

Ez dezagun kultura ahaztu eta jendea atzean utzi. Denon gogoa elikatzeaz gain, kulturak pertsona askori soldata ere ematen baitio. Defenda ditzagun askatasuna, kaleak, espazio publikoa eta jardun komunitarioak. Giza eskubide guztiak guztiontzat! Izan ere, oinarrizko gauzak eskatzeko une txarrik ez dagoela pentsatzen dut.

Krisi hau sakona izango da eta globala ere bai, guretzat gutxienez. Nabarmena dirudi birus honek arrastoa utziko duela joaten denean. Jende asko eramango du, eta geratzen direnen artean diferentzia sozial eta ekonomikoak handitzea izan daiteke beste ondorio tristeetako bat... Birusaren urtean gaude. Eta aurrena eta azkena izatea nahi genuke denok.

Zaindu dezagun elkar, ahal dela goian eutsiz bizipozari. Azken batean, kultura ere hor daukagu garai zailetarako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide