Kultur Tour

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2020ko api. 15a, 10:33

Irati Arangurenek 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gogoa eta umorea dira lagunarteko plan onak osatzeko errezetaren osagai nagusiak. Ondorengo protagonistei ere ez zaie falta ez gatzik, ez piperrik. Hemen lauzpabost sudur gorriren abenturak!

Errementari filmaren estreinaldia zela-eta hasi zen dena. Txikitan Patxi errementariaren antzerkia egin zuten Feli irakasle kuttunarekin eskolan, horren harira zehaztu zuten egun-pasarako plana. Goizean Agorregi bisitatu, eta bazkal aurretik, ipuin fisikoa eskutan hartu eta irakurri egin zuten; jarraian, tripa festa. Xabi zen sukaldaria. Plater bakoitza ipuineko pasarte ezberdinekin lotu zuen. Otorduaren aurkezpena bikaina, eta zaporea ezin hobea! Arratsaldean, Errementari filma zinema aretoan ikusi eta zine foruma eginez amaitu zuten lagunarteko eguna. Eginaz gozatuta, euskal film berri bat kaleratzen denero plan berezia egitea erabaki zuten.

Handik hilabete batzuetara, Oreina filmaren berri iritsi zen lagunartera. Albistea heltzearekin batera, ideia jasa burura! Zer egingo, eta goizean, Orion kayakak hartu eta Orian gora abiatu ziren, filmean ikusiko zituzten bazterrak bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Jarraian, indarrak berreskuratzeko, tripa festa. Oraingoan sukaldari Olatz, eta platerean oreina. Orein haragi gisatua bazkaltzea zuten asmo, baina aurkitzeko arazoak tarteko, orein txorizoarekin konformatu ziren. Oreina filma ikusi eta zine foruma eginez itxi zuten eguna.

Dantza, Basque Selfie eta abar tartean izan baziren ere, azken bizipena eta onena Agur Etxebeste filmaren ildotik sortu zen. Etxekoei eta gainerako lagunei Nafarroara egunak pasatzera zihoazela esan bazieten ere, ostiral arratsaldez, Agur Etxebeste filma Donostian ikusi eta etxean isolatu ziren. Esperientzia itzela zela diote!

Egungo egoera dela eta, abantailarekin ekin diozue konfinamenduari! Aupa zuek, jarraitu irudimenez eta umorez bazterrak zipriztintzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide