Asteetan zain izan ostean, gaur, asteartea, hasi da Osakidetza San Martin egoitzako langileei koronabirusaren proba egiten. Langileetako batzuk gaur joan dira Zumarragako ospitalera; izan ere, han egingo dizkiete behargin denei probak ostirala bitartean. Egoiliarrei, berriz, bihar eta etzi gauzatuko dizkiete testak egoitzan bertan.
COVID-19 gaitzak eragindako krisia hasi zenetik, egoitza ugaritan atzeman dituzte koronabirus kasuak, eta Gipuzkoa ez da salbuespena izan. Dena den, San Martin egoitzara ez da iritsi koronabirusa orain arte. Gipuzkoako suhiltzaileak egoitzetan egon daitezkeen koronabirus fokoak direla eta, egoitzak desinfektatzen ari dira azken asteetan.