Bizitzen ari garen larrialdi egoera dela eta, hemen nago azken aste luzeetan etxe barruan, zuek denok bezalaxe. Bizitzea tokatu zaigun konfinanendu egoera honetan, ahaztuta eduki ditugun herritar batzuen inguruko hausnarketa partekatu nahiko nuke zuekin.
Martxoaren 13an eskolak itxi zituztenetik, haurrak esfera publikotik desagertu egin dira. Ez dira existitzen. Baina pentsatzen jartzen banaiz, esango nuke haurrak aspalditik dauzkagula konfinatuta; orain etxeetan, lehen parkeetan. Horixe da, nire iritziz, egun haurtzaroak gure herrietan betetzen duen espazio publiko bakarrenetakoa.
Aurrez antzematen hasita nengoen arren, larrialdi egoera honetan nabarmen geratu zait haurtzaroaren kultura falta zaigula. Krisia hasi zenetik, haurren beharrak ez dira kontuan hartuak izan. Haurrek mugimendua behar dute, aire librea, beste haur batzuekin harremanak izatea… Eta batez ere, jolastea behar dute. Haurrek mundua jolasaren bitartez eraikitzen dute: beraien arteko harremanak, jakin-mina, garapen kognitiboa eta emozionala... Jolasa da mundua ikusteko duten modu propioa. Gogoratzen al duzue guretzat ere jolastea oso kontu serioa zen garai hura?
Askotan entzun izan dut haur bat hazteko tribu oso bat behar dela. Ez nuen esaldi hori oso ondo ulertzen ama izan nintzen arte. Gu, txikiak ginenean, barriyoko umeak ginen. Auzoarenak ginen. Komunitatearen ardura zen gu haztea. Herriarenak ginen. Egungo gizarteak, ordea, haurtzaroa ere pribatizatzea lortu duelakoan nago. Seme-alabak eremu pribatura mugatu ditu, ardura osoa familiaren eta eskolaren gain utzita.
Behin eta berriz esaten dugu haurrak etorkizuna direla, baina orainaldia ere badirela aldarrikatu nahi nuke. Haurrak herritarrak dira orain eta hemen, gainontzeko herritar guztiak bezala, beren eskubideekin eta betebeharrekin. Hitza dutenez, iritzia daukate, eta ondorioz, erabakietan parte hartzeko ahalmena izan beharko lukete. Eta, haurrei galdetzeko ohitura hartuko bagenu, ziur nago erantzunek asko harrituko gintuzketela.
Helduok, gure asmorik onenarekin, haurrentzako ekimen, jolas eta parke bikainak diseinatu ditugu. Baina guretik egin dugu hori; gure usteetatik, gure pentsamenduetatik, gure sentimenduetatik... Zeinen interesgarria litzatekeen gai hauen guztien inguruan umeek duten iritzia jakitea; haurrentzako gauzak antolatzetik, haurrekin gauzak egitera pasatzea, alegia.
Zaila da herritar heldu parte-hartzaileak, autonomoak eta arduratsuak izatea, txikitatik parte hartzean, autonomian eta arduretan hazteko aukerarik ematen ez baldin badugu.
Egunotan, haurren inguruko aldarrikapen interesgarri asko ari dira sortzen. Balkoiak apaindu ditugu, eta lapiko-jotzeak egitera atera gara. Baina haurrek kalera irten behar al duten edo ez baino hausnarketa sakonagoa egitera gonbidatu nahi zaituztet: haurra orain eta hemen eskubide eta betebehardun herritar moduan ikusteko ditugun zailtasunen inguruan hausnartzera. www.herrihezitzailea.eus atariko Gora haurtzaroa manifestua irakurtzera animatu nahi zaituztet!