Klase borrokak duen gaurkotasuna azpimarratu du Krisiaren Seme-alabak sare sozialistak

Uztarria.eus 2020ko api. 30a, 15:45

Krisiaren Seme-alabak sare sozialistak ez du biharko mobilizaziorik antolatu, baina Langileen Nazioarteko Egunaren harira, mezua zabaldu du. Haren ustetan, koronabirusaren bueltan sortu den testuinguruan, "inoiz baino garbiago" ikus daiteke klase borrokak duen gaurkotasuna eta garrantzia.

Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak ez du biharko mobilizaziorik antolatu, baina egoeraren inguruko irakurketa plazaratu du. Haren arabera, COVID19aren testuinguruan, "inoiz baino garbiago" ikus daiteke klase borrokak duen gaurkotasuna. "Gogor kolpatu du eta gogor kolpatuko du langileria COVID19ak marraztutako testuinguruak. Osasun maskarek jada ez dute balio gainera datorkigun krisia estaltzeko eta, berriro ere, garbi geratu da zein den burgesiaren ofentsiba pairatzen duen sujetua". Izan ere, haren ustez, krisi egoera bat ez du ekintza konkretu batek bakarrik bultzatzen, eta ez da esparru ekonomikora soilik mugatzen. "Egiturazko arazo batek azaleratzen du, eta hura ezartzeko beharrezkoak dira aldaketa politiko eta kultural sakonak inposatzea".

Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistaren esanetan, "lehendik martxan zeuden dominazio mekanismo sozio kultural eta politiko guztiek mundu mailako diktadura burges batean" estalgabetu dira: "Osasun irizpideen hizkuntza teknikoan aplikaturiko diktadura, itxura berria baina helburu zaharrak: langileria obedientzia eta diziplina gogorra; langileon bizien mugimendu bakoitza arautuz eta kontrolatuz. Horretarako kaleak militarizatu dira, errepresioa eta poliziaren inpunitatea gailendu zaizkigu, antolatzeko eta protestatzeko eskubideak ukatu, sakabanatu egin gaituzte, bigilantzia modernizatu eta exponentzialki handitu da, lan baldintzak kaskartu eta lan egiteko modu berriak experimentatu dira, eta abar luze bat". Krisi kapitalistaren eraginez, gizarte osoaren berregituraketa datorrela ohartarazi du. “Burgesiak, hartzen ari den kontrol sozialerako neurriekin, ondoren datozkigun murrizketa ekonomikoak irensteko prestatu nahi gaitu. Langileria otzan bat nahi dute, desartikulatua, beldurrak ikaratua, salbuespen egoerara ohitua, beharrak elkartasuna alboratzera eraman duena".

Horregatik, aurtengo Maiatzaren Lehena langileentzat bereziki garrantzitsua izango dela uste du Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak. "Borroka historikoen eta langileriaren etengabeko presioen ondorio diren eskubideak babestea dagokigu, eskubide horiek gauzatuz haien izaera iragankorra gainditzeko eta burgesiaren kontzesio izateari uzteko”. Horretarako, ezinbestekotzat jo du kaleak berreskuratzea, eta ohartarazi du "sozialismoaren aldeko borrokan" jarraituko duela, "dominazio harremanik gabeko gizartea delako askatasun politikoen berme bakarra".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide