Bihar, asteartea, maiatzeko udalbatzarra egingo dute udal ordezkariek 19:00etan hasita. COVID-19 gaitzak sortutako egoera tarteko, modu telematikoan egingo dute bilkura. Izan ere, teknologia baliabideak egokitu dituzte egoerara dagoeneko. Hainbat puntu landuko dituzte bilkuran, besteak beste, hainbat izapide eta 2019ko udal aurrekontu orokorraren likidazioa onartuko dute.
Alarma egoera ezarri zenetik lehen aldiz egingo dute udalbatzarra kide guztiek; izan ere, hainbat aldaketa egin behar izan zituen udalak jardunean. Hain zuzen ere, konfinamendua tarteko, segurtasun arauak ezarri zituzten, eta talde politikoen aurrez aurreko bilerak bertan behera utzi zituzten, hala nola gobernu batzordeak eta batzorde informatzaileak.
Honako hau da biharko udalbatzarreko gai zerrenda:
1.- Udalbatzak 2020ko martxoaren 2an eta martxoaren 20an egindako bilkuren aktak onartzea.
2.- HAPOren Arana Ingurunea 4 HE eremuko Esklabak-Iturzulo 4.3 azpieremuan, Plan Bereziaren baitan a.20.4.3.3 partzelan eraikiko diren udal izaera duten etxebizitza tasatuen behin betiko kalifikazioa babes publikoko etxebizitza moduan.
3.- Udalaren dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzea.
4.- 2019 ekitaldiari dagokion Kontrol Finantzarioaren Urteko Planaren berri ematea.
5.- Alkatetzak 2020ko martxoaren 7an emandako 2019ko aurrekontuaren likidazioa onartzeari buruzko ebazpenaren berri ematea (Udala, Udal Kirol Patronatua eta Euskara Patronatua).
6.- Alkatetzak 2019ko abenduan emandako ebazpenen berri ematea.
7.- Galdera eta erreguak.