Bihar balkoietan txaloak jotzeko deia egin dute Zaldibarko lur-jausian hildako langileen senideek

Uztarria.eus 2020ko mai. 5a, 11:10

Bihar beteko dira Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu zela hiru hilabete. Bi langile harrapatu zituen lur-jausiak otsailaren 6an, eta oraindik ez dituzte haien hilotzak aurkitu. Haien oroimenezko ekitaldia 17:00etarako deitu dute bi langileen familietako kideek.

Bihar, asteazkena, hiru hilabete beteko dira Zaldibarko zabortegian luizia izan zela eta bi behargin desagertu zirela, eta horien familietako kideek oroimen eta elkartasun ekitaldia deitu dute. Hain zuzen ere, herritarrei balkoietan eta leihoetan txaloak jotzeko deia egin diete, Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen oroimenez. Biharko 17:00etarako egin dute deialdia bi langileen gertukoek.

Otsailaren 6an jazo zen lur-jausia Zaldibarko Verter Recycling enpresan, baina oraindik ez dituzte aurkitu bi langileen hilotzak. Duela hilabete argitaratu zuen Uztarriak Nahia Sololuzeri, Alberto Sololuzeren alabari, egindako elkarrizketa. Honako lotura honetan irakur daiteke elkarrizketa osoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide