Azpeitiko mendi ibilbideak

Herrian egiteko hiru mendi ibilbide proposatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak

Uztarria.eus 2020ko mai. 5a, 21:00

Erlo mendia.

Konfinamenduaren deseskalatzearen egungo fasean ezin dira herriko mugak zeharkatu. Baina badira herriaren mugen barruan egin daitezkeen ibilbideak, eta Uztarriak proposamen batzuk eskatu dizkie Lagun Onak Mendi Bazkunako kideei. Egun hauetan egiteko hiru bide proposatu dituzte horiek.

Lasao - Erlo - Azpeitia

Lasaotik Erlora igo eta herrira jaisteko ibilaldia.

Zailtasuna: ibilaldi gogorra.

Lehenik eta behin, Azpeititik Lasaora joan behar da bidegorritik. Gero, Corrugados Lasao parera joan eta Erlorako igoerari ekin behar zaio.

Igoera egiteko GPSa erabiltzea gomendatzen da, eta Lasaotik Erlorako igoeran GPSa eskuragarri izatea eta bidea hari jarraituz egitea komeni da. Ondoren, Erlotik Azpeitira Xoxoteko ohiko bidetik jaitsi behar da.

Denbora izanez gero, beheko argazkiko ibilbide guztia egin daiteke. Ibilbide hori Azpeitiko mugetako ibilbidea da, 2010. urtean Azpeitia Mugetatik egitasmoko laugarren etapa. Ibilalbide hori Basarte industrialderaino jaisten da.

Honako lotura honetan ikus daiteke tracka.

 

Azpeitia - Arauntza

Ibilaldi hau hasteko, plazatik aterata egin daiteke. Basazabal ondotik beilatoki aurrera joan behar da, eta hara iristean, Lasaorako bidegorrira jo. Trenbide azpitik igaro eta berehala, bidegorria utzi behar da, eta eskuinetara, Enparan Gain baserri aldera, hartu. Baserri horren parean ezkerretara jo behar da, eta txabola ondoan gora igo. Bidea, Arauntza baserrira arte, zuri-gorriz markatuta dago.

Arauntza baserrian ezkerretara hartu eta zeharka joan behar da gero. Pinudiaren puntu batean ezkerretara hartu, eta ondoren, beheraka egin Oielantzun baserrira jaisteko. Oielantzun baserritik errepidean behera jaitsi behar da, Lasaorako bidegorriarekin batu arte. Bidegorrian herrirako bidea egin behar da ibilbidea bukatzeko.

Honako lotura honetan ikus daiteke tracka.

 

Oñatz azpialdetik Loiolara, eta Xoxote azpialdetik hilerrira

Ibilaldiari ekiteko, Azpeitiko plazatik atera eta Garmendipera iritsi behar da, bertan Loiolako bidegorriarekin bat egiteko. Handik Loiola aldera abiatu, Barrenetxe auzora iritsi arte. Bertan, errepide azpitik pasatu Barrenetxe/Oiarzabal baserrietara doan bidearekin bat egiteko. Bidean, maldan gora ekin Telleria baserri ingurura arte. Eskuinetara hartu eta Loiolara jaitsi behar da, Narzabal azpialdetik Agerre baserrira. Sistiagako bidearekin bat egin eta gero, Loiolako geltokirako bidea hartu. Handik Ikasberriko biribilgunera joan behar da, eta errepidea gurutzatu eta Olatzera abiatu.

Olaztik gora, Otola baserrira joan, eta ondoren, Zabalaga Goikora heldu behar da. Hara iristean, ezkerraldetik Otzakako baratzeetara jaitsi. Aurrera egin behar da segidan, Sagastizabal baserrira igotzeko, eta jada Xoxoteko ohiko bidean egongo gara. Ondoren, Takolotik pasatu eta hilerrira jaitsi behar da. Handik, parrokiara jaitsi behar da, eta ondoren, berriro ere plazara iritsiko gara.

Honako lotura honetan ikus daiteke tracka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide