Koronabirusa Azpeitian

Metro eta erdi

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2020ko mai. 16a, 10:51

Imanol Amianok 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Dottore della Peste izenekoa da Veneziako karnabaletan hain ezaguna den maskara sudur-luzedun mozorro beldurgarria: Erdi Aroan izurri beltza zuten gaixoak artatzean, medikuek –orkatilarainoko larruzko berokia, kapela hegal-zabala eta eskularruak soinean– makilaz lagunduta, zentzuzko tartean aldentzeko baliagarria zuten ustez Norbere Babeserako Ekipoa.

Dottore haiena ez, Pinocchiorena dute koronabirusaren inguruko datu makabroekin dantza egiten dutenek: komenientziaren araberako kopuruen inguruko konpara ezinezko alferrikako konparazioak; deseskalatzearen kurbaren eliptikoaren analisi eguneratu desitxuratuak... sudurra hazi eta hazi, metro eta erdira arte. Dottorearena, Pinocchiorena... maskara janztea da kontua. Ez badaukazu, ez da beharrezkoa, baina baldin badaukazu, bai; kiratsari aurre egiteko, besterik ez bada ere.

Maskara jantzi, beraz. Edo ez. Hori bai, ogitarakoan, Illa’tar Salbatzaileren uno o dos metros gutxi gorabeherako distantzia gorde; esentzialismorakoan, Urkullu’tar Iñigorenak: uno o ninguno...

Herrian metrorik ez daukagu, baina txakurrak eta umeak bai; 14 urte baino gutxiago badauzka, txakurra supermerkatura eraman dezakezu. Eta botikara, maskararekin. Edo alderantziz. Auskalo.

Autonomoak ere badauzkagu, gauerdiko loteria telematikoaren zain.

Dendak, jatetxeak eta tabernak ere badaude. Han txakurrik ez da. Haurrik eta autonomorik ere ez. Santa Amazonek gorde gaitzala.

Hau guztia bukatzen denean, halako batean bukatuko baita, bakoitzak jantzita duen maskara –edo ez, ez badaukazu, yatusabes– eranzteko ordua iritsiko da. Pinocchiorenak ezkutatzen dituztenak agerian jartzea zailagoa izango da. Ardurak latzak izango dira eta metro eta erdiko distantzia luzea da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide