Konfinamendutik konfinamundura egin dugu. Hamabost egun. Aurrenak joan ziren. Beste hamabost egun, gero. Eta ondoko hamabost egunak. Eta txanda gehiago. Zortzigarren astea alabaren konfinamendua konfinamundu bihurtu zenetik. Astean behingo erosketak, eta, gaitz erdi, txakur zoroak atera behar derrigorrez, inoiz ez ditut orain bezainbat maite izan gure bi txakur kalamidadeak, ez dugu ibilaldi makalik egiten etxetik irtenda mendi aldera, txakurron aitzakian. Ertzainik ez zaigu parean fortunatu, eta libratu gara isun ez txikietatik. Mendian bertan bizitzeak hamalau abantaila ere baditu, baina ez noa denak zerrendatzera.
Tiriki-tauki-tauki, mailuaren hotsa
Txinatik datorrena, koronabirusa
Konfinamundura egin dugu, eta kalera ezin irtenda, balkoi eta terrazetara egin du kaleko jendeak. Mendian munduan segitzen dugu, lehengo lepotik burua. Ez kazola-hotsik, ez txalo, ez pankarta... Eguzkia bere amarengana joaten da gauero, eta etortzen da hurrengo egunean, denbora ona bada, eguraldi ona egiten badu, alegia. Eta ikusi dugu Luix, nuarbetarra, aurreko orrialdean kolaboratzen eta etxeko balkoira irten eta saxoa jotzen, ondo jotzen ere, New Orleanseko jazz-jole ikatza baino beltzagoak joko lukeen moduan, zoragarri, mundua edergarri.
Tiriki-tauki-tauki, mailuaren hotsa
mundua isildu da, hau da hau kaosa
Ahots bat besterik ez
Konfinamenduak konfinamundua errotik kanbiaraziko duela esaten ari dira. Aldatu beharko dela mundua. Ezetz. Lehen ere izan dituela aukera galantak, eta munduak ez duela bere burua aldatu. Izan zela XX. mendearen hasieran Lehen Mundu Gerra, Gerra Handia, 1914-1919, "gerra guztiekin bukatuko zuen gerra". Barkatu. Barre egingo genuke negar egitekoa ez balitz. 11 milioi soldadu, bederatzi milioi zibil hil omen ziren "estimazioen arabera". Ez alferrik, gerra guztietan azkena izango zen gerra hura. Bigarren Mundu Gerra, 1939-1945. "Munduko biztanleen %2 hil ziren, 50 eta 80 milioi pertsona artean. Horietako gehienak Sobietar Batasuneko eta Txinako zibilak". Koronabirusak ere ez du mundua aldaraziko. Ergelen nombrea fingabea da. Edo zozoen kopuruak ez du mugarik.
Tiriki-tauki-tauki, mailuaren hotsa
Josefatera deia, egin du birusak
Etorri da koronabirusa eta erakutsi digute buelta honetako euskal herrietakoak espainiadependente garela, guztiz. Bagenekien lehendik, ari ginen esaten, hargatik ibiltzen dugu beti 'independentzia' elastikoa agerian, ez dugu axkoitiar ilustre harena egiteko asmorik: erretiratu bitartean Madrilen bateko eta besteko espainiar estatuburu eta presidenterekin akordio bila beti, independentziaren truke, eta erretiratu ondoren, "independentzia behar dugu" aldarrika. Jarduiok tto-ttoari! Orain arteko autonomiak eta eskuduntzak eta gainerakoak, airean eraman ditu koronabirusak. Ahots bat besterik ez da nagusitu, espainiar hiriburutik etorri dena, guardia zibila eta militarra ondoan. Horiek kalanbreak, horiek!
Tiriki-tauki-tauki, mailuaren hotsa
hau konfinamundua, xomorro bat kausa.