Maitzaren 18a data seinaltua izan ohi da Burdinbidearen Euskal Museoarentzat; izan ere, Museoen Nazioarteko Eguna izanik, hainbat ekintza antolatu izan dituzte urtez urte Azpeitian kokatuta dagoen museoan. Aurten, baina, egoera irauli du COVID-19 gaitzak eta haren bueltan sortu den osasun krisiak, eta eguna behar bezala ospatzeko egitasmoan antolatzeko paradarik ez dute izan museoko kideek. Hala azaldu du Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak: "Museoa itxita dagoenez, ezin dugu ezer handirik egin. Dena den, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, sare sozialen bidez zabaldu ditugu bideoak, herritarrek beren etxeetatik museoaren berri izan dezaten".
Joan zen martxoaren 13tik dago itxita museoa, gainerako museo eta leku publiko guztien gisan. Bi hilabete igaro dira ordutik, eta Olaizolak azaldu duenez, gauzak antolatzeko lanetan-eta aritu dira epe tarte horretan. Museoa irekitzeko "zain" daudela aitortu du hark, eta aurreratu du datorren ekainaren 2an Burdinbidean Euskal Museoa zabaltzeko aukera izango dutela dirudiela eta "hala espero" dutela. "Egun horretan museoa osasunerako eta segurtasunerako babes neurriekin ireki ahal izateko dena prestatzen ari gara. Mampara bat jarri dugu sarreran, hidrogelak ekarri ditugu, ibilbide zirkularra antolatu dugu bisitariak elkarrekin ez gurutzatzeko... eta neurriak betetzen saiatuko gara".
Aurtengoan ezin izan dute Olaizolarentzat eta lantaldearentzat hain "berezia" den Museoen Nazioarteko Eguna ospatu; hain zuzen ere, osasun krisirik izan ez balitz atzo ospatuko zuketeen eguna, hainbat tren martxan jarrita. Trenak eta langileak martxan hasteko prest dira, eta beste bi aste itxaron beharko dute gutxienez museoaren martxan berreskuratzen hasteko.