Edurne Mendizabal: "Seduzitzea kirol ederra da, onuragarria da oso"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2020ko mai. 25a, 13:18

Edurne Mendizabal.

Plax! zerbitzuaren arduradunari egokitu zaio 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Zer esan nahi duzu Plax!-ez?

Zerbitzu pubikoa, doakoa eta profesioanala da. Erabiltzaileen profilak eta horien eskariak anitzak dira. Zerbitzuak talde bat du atzean, Harremonak egitasmoarekin bat egiten du eta, besteak beste, sexualitatea herriratzea da xedea.

Plax! konfinamenduan...

Inoiz baino garrantzitsuagoa da, eta eragileekin nahiz erabiltzaileekin harremanetan jarraitzen dugu. Aurrez aurrekoa ezin da ordezkatu, baina teknologia berriek aukera onak eskaintzen dituzte.

Herritarrek jo al dute zerbitzura?

Erabiltzaileekin harremanetan jarri ginen konfinamendua hastean, eta batzuek jo dute gugana.

Plax!-ek zer eskaintzen du?

Entzutea da garrantzitsuena. Kontrastatzen, antolatzen eta hausnartzen laguntzen du. Sexologiak metodologia sendoak ditu: estrategiak, gomendioak, ariketak... Aberasteko aukerak eskaintzen ditu.

Azpeitiarren eskaerak?

Askotarikoak dira: norbere erotika, gorputza, gozamena, harremanak, bikoteak, seme-alaben hezkuntza, elkarbizitza... Eskertzen da arreta jartzea, premia bada.

Zein dira konfinamenduaren indarguneak?

Gure esparru publikoa ikaragarri murriztu da, eta intimora mugatu gara. Esparru intimoan, norbere buruarekin eta etxekoekin ditugun harremanak goxatzeko, aberasteko... aukera dugu. Elkartasun sare garrantzitsuak daude martxan, eta mundu emozionalari eta erotikoari lekua egitea garrantzitsua da.

Eta ahulguneak?

24 orduko elkarbizitzak eta askatasun mugatuak gatazka potoloak ekar ditzake, eta nahi dugun pertsonekin ezin egoteak eta isolamenduak, nahigabea. Eta zer esanik ez ligatzeko aukerez. Dena den, tekologiak eskaintzen ditu aukerak.

Gomendiorik?

Zaindu, exijentzia gutxitu, malgua izan, maitatu... afektibitateari lehentasuna eman. Eta tristurei eta beldurrei lekua egin. Zaintzak erdigunean jarri.

Gomendio erotikorik?

Erotismoa etxeko edozein tokitan. Norberak, norberarentzat, bere estiloan. Seduzitzea kirol ederra da, onuragarria da oso.

Bikoteentzat gomendiorik?

Exijentzia jaitsi, malguak izan, espazio-denborak utzi eta hartu, gatazkak mahai gainean jarri, negoziatu, sormena landu...

Eta aurrerantzean, zer?

Zer harreman eta jendarte nahi ditugun pentsatzeko aukera dugu. Hausnarketa eta elkartasun sareak elika ditzagun. Osasuna bai, plazera ere bai!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide