Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako osasun jarraibideak eman ditu Eusko Jaurlaritzak

Uztarria.eus 2020ko eka. 1a, 18:41

2019ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako irudi bat.

Maskarak erabiltzea, eskuak sarri garbitzea eta gainazalak nahiz leku jendetsuak garbitzea dira, besteak beste, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak eman dituzten gomendioak. Bestalde, duela lau urteko hauteskundeetan baino 41 hautesleku gehiago jarriko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan osasuna eta segurtasuna bermatzeko hainbat jarraibide eman ditu gaur, astelehena. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak egin dute agerraldia, eta esan dute jarraibide horien helburu nagusia herritarrek botoa emateko duten eskubidea "berme osoz gauzatzea" dela.

Murgak zazpi alorretarako jarraibideak izan ditu hizpide. Hauteskunde mahaietako kideentzat eta gainerako hauteskundeetako langileentzat ezarri dituzten neurrien artean, segurtasun tartea bermatzea, maskara kirurgikoak erabiltzea, eskuak sarri garbitzea eta gainazalak nahiz leku jendetsuak garbitzea aipatu ditu. Osasun sailburuaren hitzetan, mahaietako kideek ez dute botoa ematen duten herritarren nortasun agiria eta gutun-azalak ukitu beharrik izango. Horrez gain, boto kontaketan FFP2 maskarak eta nitrilozko eskularruak erabiliko dituzte mahaietako kideek.

Bestalde, uztailaren 12ko hauteskundeetan duela lau urtekoetan baino 41 hautesleku gehiago jarriko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 27 gehiago Bizkaian, zortzi Gipuzkoan eta sei Araban. Guztira, 761 hautesleku jarriko dituzte hiru lurralde horietan. Gainera, uztailaren 12an jarriko dituzten 761 hauteslekuetatik 100ek beste kokaleku bat izango dute. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak errolda-txartela arretaz begiratzeko eskatu die herritarrei, gaizki ulerturik egon ez dadin, han zehaztuko baitute hauteslekuaren kokalekua.

Beltran de Herediak adierazi duenez, bihar, asteartea, onartuko du Gobernu Kontseiluak uztailaren 12ko hauteskundeetarako jarraibideen eskuliburua, eta hauteslekuetan osasuna eta segurtasuna bermatzeko gomendioak ere jarriko dituzte bertan. Udalek ekainaren 13tik 17ra bitartean zozketa egiten dutenean banatuko diete eskuliburua hauteskunde-mahaietako lehendakariei, kideei eta ordezkoei.

Posta bidezko botoa

Eusko Jaurlaritzak posta bidezko botoa ematea sustatuko zuela jakinarazi zuen duela aste batzuk, eta Beltran de Herediak azaldu du horretarako epea ireki zenetik duela lau urte baino eskaera gehiago jaso dituztela. Uztailaren 2an amaituko da posta bidez botoa emateko eskaerak egiteko epea.

Bestalde, Segurtasun sailburuak gogorarazi du Hauteskunde Batzordeak Correos gaitu duela boto eskaerak telematikoki eta sinadura elektronikoarekin egin ahal izateko beren webgunetik. Modu horretara, postariak hauteskundeen dokumentazioa etxeetara eramatean, herritarrek aukera izango dute beren botoa postariari emateko, posta bulegora joan beharrik izan gabe. Correosek atzo jakinarazi zuen bere bulegoetako ordutegiak zabaltzeko asmoa, herritarrek posta bidezko botoa emateko aukera handiagoa izan dezaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide