Euskal Herrian ere pandemiak agerian utzi du gure egoitza sistema. Beren lanbidean zigortutako eta gutxietsitako langileek beren onena atera dute, aitona-amonekin zein gizartearekin duten konpromisoz, osasuna eta bizitza arriskuan jarriz. Erantzun dute. Txaloak irabazi dituzte, baina, gehiegitan, kostu handiarekin.
Eta orain zer? Non daude egoitza erraldoien eta baliabide nahikorik gabekoen eredu hau elikatu dutenak? Alarma COVID-19a baino askoz lehenago zegoen piztuta. Emakumezko langileen grebek markatzen zuten gaur egungo mendekotasun arretaren politikan dagoena: langile ratio itogarriak emakumezko langileentzat eta duintasunik gabeak egoiliarrentzat; prekarietate handiko plantillak; gerenteen eta zuzendarien autoritarismoa eta mespretxua, dirua irabazteko sortutako enpresek presionatuta. Foru aldundi bakoitzeko arduradunak gustura geratu dira; gertatzen ari zenari arreta emateko euren politika bakarra izan da Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari eskatzea grebetan gutxieneko zerbitzuak handitzea. Azken hori bete egin zen, zeren, bere hitzetan, zerbitzua bermatzeko betebeharra baino ez dute, eta lan baldintzak patronalarekin negoziatzeko kontua dira, eta ez Eusko Jaurlaritzak ez aldundiek ez dute uste ezer esateko dutenik. Egoitzen barruan gertatzen ari denaren aurrean bestaldera begiratu eta Aurrekontu Orkorretara, soilik, egokitzen dira.
Urte luzez, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek pribatizazioaren apologia ("irabazia ziurta iezaiezu eta arazoa konponduko dute") eta auto-propaganda kanpaina handiak ("puntakoak gara Europan") egin dituzte. Gauza batean daude zuzen: EAEko politika publikoetan, azken 20 urteetako mendekotasunaren arreta zerbitzu pribatuetako enpresei ateak irekitzea inposatu zen, eta sare klientelarrak sortu dira. Ez ekimen sozialik, ez bizi dugun aldaketa demografiko sakonari heltzeko adostasun zabalak bilatzerik, ezta gizartean eztabaida gardena irekitzerik ere. Aitzitik, eskumenen sare bat sortu dute jaurlaritzaren eta aldundien artean, gutxiengoen gizarte babesarekin, eta horrek lurralde historiko bakoitzean estalduren zerbitzu eta tarifen labirinto bat besterik ez du sortu.
Adinekoen arretarako zerbitzuetan beste errealitate bat dago (beti ikusezin bihurtua): etxeetako barneko zaintzaileak dira, eta pandemiak prekarietatea gehitu die. Lan eta bizi baldintzei eragin diete honako hauek: kaleratzeak; lanaldi murrizketak; nahitaezko konfinamenduak; 11/2020 Errege Dekretuaren subsidiorako eskubiderik eza; kasu gehiegitan, etxerik gabe, elikagairik gabe, benefizentzian oinarritu behar izan dute, halabeharrez. Zenbat denbora gehiago igaro behar da duintasunik gabeko sistema honekin amaitzeko? Gehiegizko prekarietate batean oinarrituta -esklabotza urratuz-, behar-beharrezkoak diren eta paperak ukatzen zaizkien milaka langilerekin osatzen den sistema honekin amaizteko?
EAEn askoz gehiago dira familia-etxeetako zaintzak egoitzetan egiten direnak baino. Hori, gauza naturala izateaz gain, eskubidea ere bada: inguruan bizi ahal izatea, etxean bertan edo etxebizitza egokituetan. Politika publikoen bidez posible da kalitatezko zaintza horiek bermatzea, baita zaintzaileen enpleguaren kalitatea ere.
Gauza asko aldatu behar dira gure zaintza sistema publikoan, etxeko arretatik hasi eta adinekoen egoitzetaraino, eta hau da unea. Iruzur handia egingo genuke pandemiak azaleratu duenaren ondoren aldaketa txiki batzuk bakarrik egingo bagenitu, eta Europako erdialdean eta iparraldean aurkitzen ditugun eredu aurreratuenetara gerturatu beharrean gure adinekoen beharrekin zerikusirik ez duten egoitza mota batzuekin geratzen bagara.
Eztabaida handi bat irekitzea proposatzen dugu, adinekoentzako zaintza sistema duin bat izan nahi duen gizarte batean oinarrizkoa eta beharrezkoa den akordio sozial bat ekarriko diguna. Adinekoen kopurua handituz doa. Gaurko jubilatu asko, eta biharkoak gehiago, familiaren laguntzarik gabe igaroko dira bizitzaren fase horretara, Europako erdialdean eta iparraldean gertatu zen bezala. Euskal gizartearen gehiengoak bere pentsioarekin duintasunez bizi nahi du, urte asko bizitzeko itxaropena du, eta baldintza duinak nahi ditu, bere betiko ingurunean, etxebizitza egokiekin eta zerbitzu publiko nahikoekin, eta, noski, familiarentzat zama izan gabe. Jakina, oinarrizko akordio horrek justizia egin behar du zerbitzu horietako lankide guztiekin; bermatu egin behar ditu lan baldintzak, soldatak eta lanaldiak; egonkortasunak eta familia kontziliazioak gainerako langile publikoen mailakoak izan behar dute, eta, gainera, aitortu egin behar die lan egindako denbora, baita "paperik gabeko" aldi lotsagarrian ere.
Ez ditzatela gauza batzuk bakarrik aldatu, dena berdin gelditzeko.
Beharrezkoa da pasatzea:
- Pribatutik publikora.
- Egoitza masifikatuetatik, egoiliarrentzat bakarkako bizilekuak eta independienteak izango dituzten zentro txikietara.
- Eraginkorra ez den lurralde historikoen araberako egituratik EAE mailako zentralizaziora (irakaskuntzan edo osasunean gertatzen den bezala).
- Udalak ia kanpoan egotetik, hurbiltasunagatik, zerbitzuen benetako arduradunak izatera.
- Etxeetan baldintza onartezinetan eta estaldura gutxirekin edo batere estaldurarik gabe kontratatutako zaintzaileekin osatutako etxez etxeko arretarako udal zerbitzu eskas batzuetatik, autonomia galduz doazenentzako etxebizitza politika berri batera eta etxean arreta emateko tokiko zaintzaile kooperatibak sustatzera.
Proposamen honekin bat egiteko aukera zabaltzen diegu ekimen hau babestu nahi dutenei edo inplementatu nahi duten kolektiboei. Horretarako, idatzi iraulizaintza@gmail.com helbidera.