COVID-19ak kirol jardueran ere izan du eragina, eta herriko kirol taldeetan ere bai. Azken hilabeteetan jarduna alde batera utzi behar izan du Ilunpe pilota elkarteak, eta orain, 2019-2020 denboraldia bukatutzat ematea erabaki du. Hori dela eta, taldeak urteko kuotaren erdia itzuliko die klubeko kideei.
Bestalde, oraindik ere ez du egin Ilunpek urtero egin ohi duen zozketa, baina ez du egin gabe utziko, eta dagoeneko jarri dute zozketarako data: ekainaren 27an, larunbatez, izango da, 12:00 aldean, Sanagustin kulturgunean. Eskuz Banakako Txapelketaren finalerako lau sarreraren ordez, baina, 500 euroko diru saria banatuko dute; izan ere, Ilunpeko kideek azaldu dutenez, ez dakite txapelketa jokatu ere egingo den. Horrenbestez, Ilunperen zozketaren irabazleak 1.700 euro eta Loiola hotelean lau lagunentzat afaria eskuratuko ditu.